telebista
'El Conquis'en 2. atala
Maikak min hartuta utzi du saioa eta samulu taldeak bi kide gutxiago ditu jada
Nafarrak kolpe latza hartu eta min hartu du Iratiren aurkako dueluan. Gorrotxa eta Ismaren gorriek ur-erroten immunitate jokoa irabazi dute talde-lan bikaina eginez.
Samuluek beste kide bat galdu dute (bi saiotan bi galdu dituzte) "El Conquistador del Caribe" saioaren bigarren atalean. Dueluan, plataforman laban eginda erori egin da Maika eta kolpe gogorra jo du zuhaitz baten sustraien kontra; ondorioz, ukondoa luxatu zaio eta kanporatu egin dute. Iratik duelua irabazi du zubian zuziarekin asko sufritu ostean. Ia-ia aurpegia erre du, sua gehiegi hurbildu duelako.
Urdinek beste kolpe latza hartu dute saioaren hasieran eta horrek erakusten du Kolonbiako Karibeko talderik kaxkarrena osatzen dutela. Telmo bizkortu egin beharko da jokoetan hurrengo ataletan kide gehiagorik galdu nahi ez badu.
Talde berdeko izendapenek erakutsi dute Enekok fisikoki ongi prestatuta dagoen taldea duen arren, bileran arazoak izan ditzakeela erabakiak hartzerako orduan. Eiderrek eta Iratik (taldekideen ustez ahulenak) badakite guztien jomugan daudela eta badirudi mutil bat arriskuan jartzeko estrategiaren bat antolatzeko prest daudela. Igor, Portugaleteko ertzaina, izan liteke talde berdeko emakumeen helburua.
Gorriak, bitartean, kanpamentu aberatseko erosotasunez gozatzen ari dira, beraiek baino ez direlako gai izan ur-erroten immunitate jokoan errota zuzen biratzeko. Gorrotxak eta, batez ere, Ismak, taldea ongi gidatzea lortu dute. Taldeen arteko desafioan koordinazio bikaina lortu dute eta horrek iragarri dezake talde berdearekin lehia berdindua izango dutela aurrerantzean.
Maika, beraz, "El Conquistador del Caribe"tik kanpo gelditu da eta etxera bidean da baina, erortzea zartada handia izan bada ere, Kolonbiara iritsi zen umore on bera izan du lagun agurrean. Asteazkenean Isa izango du zain "El Conquis" eztabaida-saioan, lehen atalean arriskuan zergatik jarri zuen galdetzeko.
uen galdetzeko.