telebista
Albistegien lidergoa
Bost urteko lidergoa jarraian, ETBko albistegiek
A.E.|EiTB
%20,5eko audientzia eskuratu dute batez beste, azken bost urte hauetan Euskadiko albistegi ikusienek.
Etenik gabe, bost urteko lidergoa kateatu dute Euskal Telebistako albistegiek. 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'ko ikus-entzuleek osatzen dute ETBko albistegien audientzia, eta guztira %20,5eko audientzia zatia eskuratu dute. Banaka hartuta, 'Teleberri'ren sharea %17,4koa da, eta 221.000 ikus-entzuleko audientzia metatua du. Hauxe da, alegia, Euskadin albistegirik ikusiena. Euskarazko albistegiak, berriz, %3,1eko sharea du eta euskaldunen artean %7,3era iristen da.
Berebat, 'Kirolak' eta 'Eguraldia' tarteek jarraipen handia dute ETBn. ETB2ko 'Kirolak' tarteak, hain zuzen ere, %12,5eko audientzia eskuratu du eta audientzia zatiari dagokionez, lider da. 'Eguraldia' saioak, orobat, %9,9ko datua bereganatu du batez beste.
ETBko albistegiek beste kopuru nabarmen batzuk utzi dizkigute, halaber. Bost urte hauetan, esaterako, 6.300 informazio ordu eskaini dituzte, eta beste zenbaki deigarri bat emate aldera, 4.000 zuzeneko konexio egin dituzte korrespontsal-sare zabalaren bitartez.
"Profesionaltasuna, gertutasuna eta kazetaritza zintzoa dira gure albistegien ezaugarriak, eta gure arrakasta eta lidergoaren gakoak", azaldu du Maite Zurikarai ETBko Albistegien zuzendariak. "Ikus-entzule euskaldunak informazio kontsumitzaile handiak dira. Hartara, ahalegin handia egiten dugu informatiboetatik albistea gertatu den lekuetan egon eta berehala egiazkotasunez eta zuzen berri emateko' gaineratu du.
Aurpegia ematen duten aurkezle eta kazetariekin batera, 150 lagunek egiten dituzte posible 'Teleberri' eta 'Gaur Egun' egunero. Editore, errealizadore, kamerari, ekoizle eta abar luzearen beharra ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Erpin guztietatik berriari heltzeko esfortzua ez ezik, albistegirik osatuena egiteko ahalegin etengabea egiten du ETBk. ‘Alor guztiak jorratu eta hasieratik amaierara arte interesgarri eta zerbitzu publikoa izango den saioa lantzea da gure nahia, tartean, sakontasun handiagoz jorratzen ditugun erreportajeak sartuz’ azaldu du.
Aurrera begira, lidergo hori sendotu eta emaitzei eustea da ETBko albistegi zerbitzuen nahia: "Informazioan eta aktualitate gaietan erreferente izaten jarraitu eta ikus-entzulearen albiste gogoa asetu".