Itxi

telebista

'El Conquis'en 8. atala

Mariam ahul azaldu da jumarraren dueluan eta agur esan dio abenturari

EiTB

Benidormekoak hiruko duelua galdu du Lorearen eta Gotzonen aurka. Bestalde, tirolinaren jokoa baliogabea izan da. Gainera, Enekoren eta taldekideen arteko urruntzea agerian gelditzen hasi da.

Mariamek agur esan dio "El Conquistador del Caribe" saioari 8. atalean. Benidormekoak Lorearen eta Gotzonen aurka izan duen hiruko duelua galdu du. 40 metro baino gehiagoko jumar gogorra, atal bat guztiz bertikala zuena, gehiegizkoa izan da samulu taldeko kidearentzat. Mariamek bere burua aurkeztu du duelura joateko, saioan larrutik ordaintzen den axolagabekeriaren biktima, eta talde urdineko gainerako kideei erabakia erraztu die. Beste bi taldeetako izendapenak bestelakoak izan dira, polemikoak.

Talde gorrian, Loreak derrigortuta ikusi du bere burua txintik atera gabe onartzeko kapitainen eta gainerako taldekideen artean "adostutako" erabakia. Isma, Gorrotxa, Seleta eta Maritxu izan dira puyuii taldearen bozeramaileak. Ez dute errukirik izan gipuzkoarrarekin ordu batzuk lehenago sukarra izan badu ere, eta duelura bidali dute. Ondoren, desafioan, Loreak erakutsi du "taldekideek" uste baino askoz gogorragoa dela eta kideen errespetua merezi duela, bi duelu eta hamsterren bolen jokoa irabazi ondoren. Deigarria da Seleta eta Ana ezkutatu egin direla aurrerapausoa ematerako orduan. Izan ere, lehenak jokoetan eta dueluetan akzio gehiago eskatzen du eta bigarrenak ia inoiz ez du izan protagonismorik jokoetan eta hasieran haserretu egin da jokorako aukeratu ez dutenean.

Talde berdean gauzak oso tirabiratsu daude, Gotzonek dueluan erraz irabazi badu ere. Enekok bere aukera aprobetxatu du eta, Julianek esandakoari eta taldearen iritziari kasurik ere egin gabe, talde berdeko lehiakide deserosoena bidali du duelura. Hasieran Gotzonek bidegabekeriatzat jo du kapitainaren izendapena baina azkenean bere zeregina onartu eta indar guztiekin borroka egin du dueluan. Hemendik aurrera Enekok "baba" handi bat izango du taldearen elkarbizitzan: Jassek eta Gotzonek osatzen duten bikoteak arretaz begiratuko ditu Getxoko arraunlariaren erabakiak.

Immunitate jokoan agerian gelditu da Enekok taldekideekin duen urruntasuna. Wuii taldeko kapitainak Aiorari eta Gotzoni leporatu die okerreko erabakia hartu izana Felix aukeratu dutenean tirolinan lehen berdea izateko. Talde gorrian kexak Unairentzat izan dira, eta batez ere Seletarenak izan dira kexok. Urdinek ontzat hartu dute saioaren erabakia eta jokoa baliogabetu izana onartu dute, batez ere ikusi dutenean Delfo sokan zintzilik gelditu dela, mugitu ere egin gabe. Telmok, saioa hasi denetik lehen aldiz, purrustadak bota ditu berdeen eta gorrien aurka. Badirudi talde urdineko kapitainak bere ontasunari uko egin diola lehiaketaren alderdi ilunera joateko.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.