Itxi

telebista

Audientzia

'En Jake'k inoizko audientzia daturik onena lortu zuen asteartean

EITB

'La Noche de...' saioak eta ondoren ikusgai izan zen 'Gernika' filmak ere harrera bikaina izan zuten.

'En Jake' saioak inoizko audientzia daturik onena lortu zuen asteartean, apirilaren 24an. Xabier Lapitzek aurkeztutako ETB2ko aktualitate programak %14,7ko kuota bereganatu zuen, orain arteko altuena, eta 152.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Egun eguneko gaien errepasoa egin zuen astearteko saioak, horien artean, Altsasuko gazteen epaiketaren azken ordua eta datorren maiatzaren 4an Kanbon egingo den ETAren amaiera ekitaldia aztertu zituzten. Mahai-inguruan, Tonia Etxarri, Iñaki Iriondo, Pedro Gorospe eta Fabio González solaskideak egon ziren.

'La Noche de... Gernika'

'La Noche de...' saioak ere harrera bikaina izan zuen, denboraldiko bigarren saiorik ikusiena izatea lortuz. Felix Linaresek gidatutako tarteak %13,4ko kuota bereganatu zuen eta 262.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan.

Ondoren ikusgai izan zen Gernika filmak, bere aldetik, %15,4ko audientzia zatia lortu zuen, 2016ko azarotik 'LND'ko pelikula batek lortutako daturik onena. Koldo Serra zinemagile bilbotarraren lanak 310.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu zuen Euskadin eta eragin eremuan.