telebista
'El Conquis'en 17. atala
Hiru lagun gehiegi izango dira, gaur gauean, 'El Conquistador' saioan
EITB
Hurrengo immunitate jokoan hirukoteka lehiatuko dira. Horrela banatuko dira lehiakideak: Ana, Odei eta Seleta; Meltxor, Gotzon eta Jass; eta Zuriñe, Aiora eta Eider.
Hirunaka elkartuko dira lehiakideak "El Conquistador del Caribe" saioaren 17. atalean, gaur. Hirukote galtzaileak arazo larri bat izango du hurrengo egunetan.
Datorren immunitate jokorako, hiruko taldeak osatzeko gonbidapena jasoko dute lehian jarraitzen duten bederatzi lehiakideek. Hasieran arazoren bat izango dute taldeak sortzeko, baina berehala konponduko dute nahasmena, kanpamentu bateratuetara iritsi aurreko taldeak kontuan izango baitituzte. Lehian jarraitzen duten hiru gorriek jarraian osatuko dute hirukotea, hordagoa jota: hirurak salbatuko dira edo elkarren aurka aritu beharko dira puyuiien arteko dueluan. Hori izango da Anaren, Odeiren eta Seletaren jokoa.
Lehen hirukotea osaturik, berdeen artean galdera bat izango dute: nor jarriko da zorioneko bikotearekin? Guztiak jarriko dira Meltxorri begira, Gotzonek eta Jassek gustuko dutelako, oso indartsua delako, beti lagundu dielako eta erraz konformatzen delako. Berak osatuko du hirukotea Jassekin eta Gotzonekin.
Beraz, azken taldea "superneskek" osatuko dute. Zuriñe, Aiora eta Eider edozeini aurre egiteko gai dira.
Denek dakite zeri egin beharko dioten aurre, eta taldeak osatu ondoren ez dago atzera buelta egiterik. Irabazleek aurrerapauso handia emango dute abenturaren azken txanpara begira; galtzaileek, aldiz, arazo latza izango dute. Lehiaketa amaierara iristen ari da, eta ikurrina lortu nahi duenak dena eman beharko du; ez dago erdibidean gelditzerik.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe" saioaren 17. atala, gaur gauean, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.