telebista
Arrauna
Gaur hasiko da traineru estropaden denboraldia ETBn eta eitb.eus-en
EiTB
Lekeitioko Ikurrina denboraldi-aurreko probarekin ekingo diete ETB1ek eta eitb.eus-ek arraun emankizunei. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak osatuko dute esatari taldea.
Lekeitioko Ikurrina eskainiko dute gaur ETB1ek eta eitb.eus-ek. Emakumeen eta gizonezkoen denboraldi-aurreko proba honekin abiatuko da traineru estropaden denboraldia Euskal Telebistan. Mikel Olazabalek gidatuko ditu emanaldiak, Ibon Gaztañazpi adituaren laguntzarekin, eta Sara Gandarak protagonisten hitzak bilduko ditu.
Ekainaren 10etik irailaren 16ra bitartean, 28 emanaldi egingo dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek. Igandekoaz gain, Eusko Label eta Eusko Tren liga osoak, KAE Ligako hiru proba, Euskadiko eta Espainiako txapelketak, eta Donostiako Bandera eskainiko dira zuzenean.
Igande honetan Lekeition jokatuko den denboraldi-aurreko probaren emanaldia 11:30etik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Hurrengo bi igandeetan, Portugaleteko Bandera eta Donibane Lohizuneko Ikurrina eskainiko dituzte (gizonezkoen estropada KAE Ligaren barruan kokatzen da).
Eusko Label Liga eta Eusko Tren Liga ekainaren 24an hasiko da, Bilboko Banderarekin, eta Sestaoko Bandera jokatuko da zazpi egun geroago.
Liga nagusiko zortzi estropada jokatuko dira uztailean: Petronor Bandera (1), Coruñako Bandera (7 eta 8), Donostiarra Kaiarriba-Amenabar Bandera (14), CaixaBank Bandera (15), ADEGI Bandera (21), Orioko Kanpina Bandera (22), Getxoko Ikurrina (28) eta Santurtziko Ikurrina (29).
Hurrengo bi hitzorduak Euskadiko eta Espainiako txapelketak izango dira, uztailaren 31n (Lekeition) eta abuztuaren 5ean (Galizian), hurrenez hurren.
Abuztuko egutegia estropada hauekin osatuko da: Ondarroako Bandera (11), Hondarribiko Bandera (12), Zarauzko Ikurrina (18 eta 19), Moañako Bandera (25) eta Boiroko Bandera (26), lehen mailakoak; eta Plentziako Bandera (15), bigarren mailakoa.
Abuztuaren 30ean, Donostiako Banderaren sailkatze saioa eskainiko da. Iraileko lehen bi igandeetan (2 eta 9) erabakiko da bandera preziatua nork eramango duen.
Denboraldia amaitzeko, irailaren 15ean eta 16an, play-offak eta Bermeoko Ikurrina eta El Corte Ingles Bandera izango dira ikusgai.