Itxi

telebista

22:00etan

Gazteak, prostituzioaren bezero berriak, gaur gauean, '360º' saioan

EITB

Eider Hurtadok aurkeztuta, bezero gazteen perfila aztertuko du saioak eta halaber, prostituzioa kontsumitzeko modu berriak eta alor horretan lan egiten duten emakumeen egoera aztertuko du.

  • 'Jóvenes, Nuevos clientes de la prostitución' Argazkia: EiTB

    'Jóvenes, Nuevos clientes de la prostitución' Argazkia: EiTB

Gaurko '360º' saioak Jóvenes, los nuevos clientes de la prostitución erreportajea eskainiko du, prostituzioaren bezero berriak gazteak direla erakutsiz. Internet bidez kontsumitzen duten pornoak animatuta, gazteek dibertsiorako beste modu bat bezala ikusten dute prostituzioa. Baina, ba al dakite euren aisialdirako jarduera honek emakumea iraintzen duela?

Eider Hurtadok aurkeztutako saioak bezero gazteen perfila aztertuko du eta klub eta pisu ezberdinak bisitatzen dituzten gazteekin hitz egingo du. Beraien arrazoiak entzun eta pornografiak nola bultzatzen dituen ulertuko du saioak. Gainera, prostituta batzuen ardurak ere entzungo dituzte, Internet bidezko pornografiaren eraginez bezeroek eskatzen dituzten zenbait praktikei buruz hizketan.

Laburbilduz, argi dago gazteek prostituzioa gustukoa dutela, baina orduan, ez dugu genero-berdintasunaren bidean ezer aurreratu? Gizarteak, orokorrean, beste toki batera begiratzen du, prostituzioa ez dago iritzi publikoaren lehentasunen artean, eta prostituzioa legezkoa egitearen debatea bertan behera gelditu da.

Bezeroak ez ezik, lanean diharduten prostitutak ere gazteak dira. Horien artean, Ainhoa, 20 urteko Bilbotar gaztea. Etorkizunean bizi hobea ahalbidetuko dion lana duela azalduko du, eta emakume aske bezala hartu duen erabakia dela defendatuko du. Gainera, adineko bezeroek gazteek baino hobe tratatzen dutela aitortuko du.

Amelia Tiganusen testigantza ere jasoko du saioak, prostituzioaren eta emakumeen trata jasan zuen emakumearena alegia. Bost urte eman zituen prostituzioan lan egitera behartuta eta gaur egun feminicio.net elkarteko aktibista da.

Saioak, gainera, klub bat bisitatu du eta Irunen dauden kaleko prostituzio guneetan mugituko da. Halaber, Ertzaintzaren auto batean Bilboko kaleak arakatuko dituzte, emakumezkoen salerosketaren kontrako laguntza eta babesa eskaintzeko asmoarekin. '360º, Jóvenes, los nuevos clientes de la prostitución' saioa 22:00etan izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.

Ondoren, 'Sexo Made in Germany' izango da ikusgai.

'360º' saioaren emanaldiaren ostean, ETB2k eta eitb.eus-ek 'Sexo Made in Germany' erreportajea eskainiko dute, eta Alemanian prostituzioaren negozioaren oparotasuna aztertuko du. Herrialdeak duela hamar urte baino gehiago legalizatu zuen prostituzioa eta gaur egun turismo sexualerako toki ezaguna da. Bertan, adibidez, emakumeak enkantean ateratzea ohikoa da, eta milaka euro ordaintzera heldu daitezke birjintasuna galdu ez duen emakume batengatik. Webcamaren bitartez praktikatzen den sexua ere geroz eta hedatuago dago, eta webgune horietako jabeek %80ko mozkina izaten dute. Sexu birtuala bizi dugun garaiaren nortasunarekin bat dator: anonimoa da, itxaronaldirik gabea eta edozeinen eskura dago.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista