Itxi

telebista

Txirrindularitza zuzenean

Frantziako Tourra, egunero, zuzenean, EiTBn

EiTB

ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek arreta berezia eskainiko diote lasterketari.

0:32

EiTBko hedabideek (Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek) Frantziako Tourrari arreta berezia eskainiko diote.

Txirrindularitzaren urteko hitzordu garrantzitsuenaz gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek ETB1en eta eitb.eus-en Fermin Aramendiren, Xabier Usabiagaren eta Pedro Mari Goikoetxearen kontakizunarekin. Egun gehienetan 14:15ean bat egingo dute lasterketarekin, baina hainbat etapa hasieratik eskainiko dira. Berebat, Euskal Herrian jokatuko den 20. etapari (Senpere-Ezpeleta) ere arreta berezia eskainiko diote.

Irratiei dagokionez, Euskadi Irratiak egunero 16:00etan hasita etaparen azken txanpa eskainiko du. Joxe Mari Apaolaza buru dela honako hauek osatuko dute berriemaile eta komentarista taldea: Jon Altuna, Txomin Perurena eta Mikel Astarloza. Asteburuan, berriz, 'Hiru Erregeen Mahaia'k emango du lasterketaren berri.

Radio Euskadin, halaber, egunero egingo diote tartea zuzenean Tourrari arratsaldean. Dani Egaña adituak eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak, besteak beste, egingo dute etaparen kontakizuna, kirol erredakzioko lankideen laguntzaz.

Aspaldiko Tourrik irekiena

Uztailaren 7an eta hilaren 29ra arte Tourrean parte hartuko duten txirrindulariek 3.329 km egin beharko dituzte 21 etapatan banatuta. Ibilbideari dagokionez, aurten bi berrikuntza nagusi aipatu daitezke: alde batetik, Roubaixen bukatuko den bederatzigarren etapan 21 km inguru egin beharko dituztela harbideetatik, eta bestetik, 17. etapa azken hogeitamar urteetan izan den laburrena izango dela, 65 kilometrotan hiru mendate handi igo beharko dituzte: Peyragudes, Val Louron-Azet eta helmuga Saint Lary Soulanen egongo da.

Bestalde, iaz baino kilometro gehiago egin behar dituzte erlojupekoetan. Hirugarren etapan, taldeka 35,5 km eta azken aurrekoan, 31 km bakarka, Ipar Euskal Herriko lurretan, Senperetik abiatu eta Ezpeletan bukatuko dutelarik.

Partaidetzaren aldetik, sailkapen nagusiari begira izenik aipagarrienak hauek dira: Chris Froome, Nairo Quintana, Romain Bardet, Rigoberto Uran, Adam Yates, Vincenzo Nibali, Richie Porte eta Tom Dumoulin, besteak beste. Gainera, munduko esprinterrik onenetarikoak ere izango dira: Mark Cavendish, Michael Matthews, Fernando Gaviria, Peter Sagan, Arnaud Demare, Dylan Groewengen, Andre Greipel, Alexander Kristoff, Marcel Kittel eta abar.

Euskaldunei dagokienez, zortzi izango dira guztira eta sailkapen nagusiari begira aipagarriena Mikel Landa.

Aurtengo Tourraren beste berrikuntzetako bat txirrindulari kopuruarena izango da, talde bakoitzak zortzi izango dituelako, orain arte baino bat gutxiago. Guztira 176 partaide izango dira.