Itxi

telebista

Telesailaren amaiera

'Solo una mirada' telesailaren azken atalak, gaur, ETB2n

EiTB

Harlan Coben idazlearen eleberrian oinarritutako ekoizpenaren azken atalak izango dira ikusgai. Eva Beaufilsen istorioa kontatzen dute bertan.

Sólo una mirada (Juste un regard, 2017) telesailaren azken atalak eskainiko ditu ETB2k gaur gauean. Harlan Coben idazlearen eleberrian oinarrituta dagoen ekoizpena da, eta idazleak ere parte hartu du zuzenketa lanetan, Sydney Gallonde eta Ludovic Colbeau-Justin zuzendariekin batera. Bestalde, aktore hauek ageri dira bertan: Virginie Ledoyen, Thierry Neuvic, Thierry Frémont, Jimmy Jean-Louis, Joseph Malerba, Stainslas Merhar, Anne Girouard eta Mathilde Bisson.

Audientzia-buru izan zen igandeko ordutegi nagusian, % 15,6ko pantaila kuotarekin, eta igande honetan istorioaren bukaera ikusteko aukera izango da, azken atalak eskainiko baitituzte. Telesail honetan, Eva Beaufilsen istorioa kontatzen da. Emazte eta ama arrunt honen mundua hankaz gora jarriko da, logelako apaletako batean berea ez den familia baten argazkia aurkitu ondoren. Familia horretako kide bakarra egiten zaio ezagun argazkian: bere senarra. Gainerako horiei eta argazkiari buruz galdetuta, senarrak ezer ez dakiela esango dio, baina gau horretan bertan guztia atzean utzi eta desagertu egingo da. Helburu bakarra izango du orduan Evak: bere senarra aurkitzea, horretarako seme-alabak arriskuan jarriko baditu ere. Igande honetan eskainiko diren azken hiru ataletan, senarra aurkitzearren, zer egiteko prest dagoen ikusiko dugu.

Igande honetan, Sólo una mirada telesailaren azken hiru atalak izango dira ikusgai, 22:00etan, ETB2n.