telebista
Kirolak
Caixabank Bandera eta Tourreko 9. etapa, gaur, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Aurten lehen aldiz jokatuko den emakumezkoen San Fermin Torneoko finala ere emango da eta pilota egokituko Master Cup Irekiaren laburpena ere bai.
Arraunarekin ekingo diete ETB1ek eta eitb.eus-ek igandeko kirol emankizunei. Castro Urdialesen jokatuko den Caixabank Banderaren berri emango digute 11:45ean hasita Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak.
13:45ean pilota egokituari egingo diote tartea ETB4n eta eitb.eus-en. Hilaren 8an Legazpin jokatutako Master Cup Irekiaren laburpena egingo du Xabier Anduezak.
14:15ean hasiko da Frantziako Tourraren emanaldia (ETB4n lehendabizi eta ETB1en 'Gaur Egun' albistegiaren ostean, baita eitb.eus-en). Jardunaldi gogorrari aurre egin beharko diete txirrindulariek, Arras Citadellen hasi eta Roubaixen amaituko baitute, harbidezko 22 kilometro egin ostean. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak egingo dute lasterketaren inguruko kontakizuna.
Etapa amaitutakoan, bezperako Iruñeko San Fermin feriako jaialdia izango dugu ikusgai, hau ere ETB1en eta eitb.eus-en. Hiru partida eskainiko dira: Victor-Aranguren / Elezkano II-Ruiz, Ezkurdia-Rezusta / Irribarria-Zabaleta (San Fermin Torneoko finala) eta Gorka-Etchegoin / Ugalde-Irusta. Josetxo Lizartza, Jokin Errasti eta Xabier Andueza izango dira esatariak.
Azkenik, 19:30ean, aurten lehen aldiz jokatu den emakumezkoen San Fermin Torneoko finala izango dugu ikusgai: Ruiz de Larramendi-Arrizabalaga bikoteak Iturain-Larrarteri egin beharko dio aurre frontoian. Iñigo Aiestaran eta Xabier Andueza arduratuko dira kontakizunaz.