telebista
22:30ean
Ignazio Loiolakoa gaurko protagonista, 'Una Historia de Vasconia' saioan
EITB
Jesusen Lagundiak euskal gizartean izandako eragina eta beste erlijio orden batzuek, Iparraldeko protestanteak adibidez, euskaran eta euskaldunen espiritualtasunean utzitako aztarna azalduko du.
Ignazio Loiolakoa eta Frantzisko Xabierkoa, Jesusen Lagundiaren fundatzaileak, Euskal Herriko historiako pertsona unibertsalenak dira, eta eragin handia izan zuten bere garaiko euskal herritarren artean. 'Una Historia de Vasconia' saioak ikuspegi kritikoarekin aztertuko du gaur Ignazioren biografia. XV. mendeko bando-leinu bortitzenetako familian jaioa, Nafarroaren konkistan parte hartu zuen, eta gerra horrek erabat aldatu zuen bere bizitza.
Espiritualtasunera egin zuen bidaia jarraituko du osteguneko saioak, soldadu-sena eta fedearen heroien lorpen handiak bat egin nahi izan zituen. Lurralde Santuan bizi izandako abenturak eta Pariseko unibertsitate-urteak ezagutuko dituzte. Frantziako hiriburuan bildu zuen Ignaziok jarraitzaile-talde fidela eta haien artean, Frantzisko Xabierkoa nabarmendu zen, garai hartako misiolari handia.
Hortik aurrera, Lagundiak izandako papera ikertuko du 'Una Historia de Vasconia' saioak. Erreforma protestantearekin batera sortu ziren gatazketan hartutako jarrera eta XVI. eta XVII. mendeetako erlijio-gerrateetan gertatutako azalduko dute. Izan ere, gertakari haien ondorioz, Lagundiarekiko mesfidantza-giroa sortu zen, eta hainbat kanporatze jasan behar izan zituen.
Azkenik, Joannes Leizarraga apaiz protestante lapurtarrak euskarari eta euskal espiritualtasunari egindako ekarpena ezagutuko du saioak. Jesuiten unibertsaltasunak eta Baskonian eta Europan katolizismoak izandako hedapenak ezkutatu zuten Leizarragaren lana.
'Una Historia de Vasconia' eskainiko dute gaur ETB2k eta eitb.eus-ek, 22:30etik aurrera.