telebista
22:30
Omar bere familiarekin kontaktuan jartzen saiatuko da, gaur, 'La Víctima Número 8'n
EITB
Echek eta Edurnek argi izango dute norbait ari dela Omarren kontrako probak manipulatzen.
Gaur gauean, ETB2k eta eitb.eus-ek 'La Víctima Número 8' telesailaren hirugarren atala eskainiko dute 22:30ean.
Almudena oso haserre eta minduta agertuko da bere senarra zenaren maitalea haurdun dagoela jakitean. Gorkaren errautsak begi-bistatik kendu nahi ditu lehenbailehen eta modurik krudelena aukeratuko du horretarako. Gorkaren maitalea nor den ere berehala jakingo du.
Omarrek, bere aldetik, ihesi jarraituko du. Etsita, bere familiarengana joko du laguntza eske, baina beraiekin kontaktuan jartzea ez da lan erraza izango. Izan ere, Ertzaintzak familiako kide guztiak eta Edurne neskalaguna monitorizatuta ditu.
Echek eta Edurnek argi dute norbait ari dela Omarren kontrako frogak manipulatzen. Omarren errugabetasuna erakusteko aztarnaren bat topatzen dutenean, proba horiek ezabatu, lehertu edo desagertzen dira. Edurnek, halaber, Kororekin hitz egingo du. Haren hitzetan, Omar errugabea balitz, bere burua entregatzea izango litzateke haren aukerarik onena. Lortuko du Edurnek Omarrekin topo egin eta entregatu dadin eskatzea?
Bitartean, Gaizka oso urduri jarriko da, eta Gorostizarekin hitz egingo du Omar topatu eta planarekin amaitzeko.