telebista
23:30ean
'Zubi lana' dokumentala, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Euskal kazetaritzak azken 50 urteetan izan duen bilakaera aztertuko du saioak, Rikardo Arregiren garaitik hasi eta gaur egunera arte.
ETB1ek Zubi lana dokumentala eskainiko du gaur, euskal kazetaritzak azken 50 urteetan izan duen bilakaera aztertuko duen saioa, Rikardo Arregiren garaian hasi eta gaur egunera arte.
60ko hamarkadaren bukaeran, Lurra espaziora begira zegoen. Stanley Kubricken A space odyssey filma zinema-aretoetara heldu zen, Armstrongek ilargia zapaldu zuen, eta David Bowieren 'Space oddity' kanta famatua kaleratu zen. Azken hau, hain zuzen ere, 1969ko uztailaren 10ean, Rikardo Arregi euskal kazetari gaztea auto-istripu batean hil zen egun berberean. Horixe izango da dokumentalaren abiapuntua.
Arestik, 'Tximeleta beltzak' poema idatzi zuenetik asko aldatu da euskal kazetaritzaren mundua, eta orduko egoeratik gaur egunera arte izugarrizko bilakaera izan du: EiTB Taldea, Egunkaria, Berria, tokiko telebistak, irratiak, irrati libreak, (Zeruko) Argia, Internet, sare sozialak...
Tximeleta beltz haiek koloretsu dira gaur egun euskal kazetaritzaren munduan: esparru ugari ukitzen ditugu, eta presentzia izugarri areagotu da kazetaritzaren alor guztietan.
Euskarazko kazetaritzaren iraganaren eta orainaren arteko zubi lan hori arakatzeko, bilakaera horren lekuko izan diren kazetarien eta profesionalen testigantzak jasoko ditu dokumentalak: Martxelo Otamendi, Joxe Mari Iriondo, Luis Alberto Aranberri Amatiño, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Txaro Arteaga, Juan Kruz Lakasta, Elixabete Garmendia, Antton Olariaga, Jon Sarasua , Aingeru Epaltza, Lorea Agirre, Iñigo Astiz, Odile Kruzeta, Luzien Etxezaharreta, Xipri Arbelbide, Iban Arantzabal, Pantxika Maitia, Joxe Manuel Irigoien (Ttipi-ttapa), Ainhoa Villaverde (Hala bedi), Javier Diaz Noci, Franck Dolosor, Ane Irazabal, Mikel Aiestaran, Olatz Arrieta, Amaia Uribe, Begoña Zubieta, Itziar Mena, Gari Garaialde, Maite Goñi, Lontzo Sainz eta Patxi Baztarrika.
Rikardo Arregi euskal kazetaritzaren erreferente bilakatu da, haren izena duen sariei esker. Andoainen banatzen dira urtero, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 30. urteurrena ospatu da aurten.
Zubi lana gaur gauean izango da ikusgai, 23:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.