Itxi

telebista

22:30ean

'Vascos por el Mundo' Miamin izango da gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Pedro Mardones Floridako hiri honetan barrena ibiliko da bost protagonista euskaldunen eskutik, bertako toki magikoenak ezagutzen.

  • Pedro Mardones kazetaria, Miamin

    Pedro Mardones kazetaria, Miamin. Argazkia: EiTB

'Vascos por el Mundo' saioak Floridako hego-ekialdeko Miami hiria bisitatuko du gaur. Pedro Mardones kazetariak, besteak beste, South Beach, Star Island, Everglades parkea, West Palm Beach eta Cayo Vizcaino ezagutuko ditu.

Adriana Irungoa da, baina 13 daramatza Miamin bizitzen. Egun, albistegiak egiten dituen telebista kanal batean ari da lanean, eta Emmy bat irabazi zuen San Fermin jaietan lortutako konexio eta kobertura bikainari esker. South Beach, Ocean Drive eta Calle 8 kalea (Habana Txikiko bihotza) ezagutuko ditugu horren eskutik.

Amaia tolosarra da, eta 22 urte daramatza AEBn. Beste euskaldun batekin ezkonduta dago, eta bi seme eusko-amerikarrak ditu. Ur gainean ezagutuko dugu Miami berarekin, tartean Fisher Island eta Star Island uharteak, besteak beste, Julio Iglesias eta Gloria Estefan izar handien bizilekuak. Horrez gain, Wynwood-eko grafitiak ere ezagutzeko aukera izango dugu hiriko toki alternatibo eta buhamera bisita eginda.

Iker gasteiztarra pilotaria da Dania Jai Alai pilotalekuan, partidak urte osoan dituen eta 30 pilotari euskaldun lanean diharduten frontoi bakarrean. Ikerrekin eta bere kideekin Everglades parkea ezagutuko dugu; krokodiloak eta aligatoreak elkarrekin bizi dira bertan. Juan Ramonek hor egiten du lan, parkeko gida turistiko gisa. Gernikar hau Reme pilotari ezagunaren semea da. Berak gidatuko duen txalupan, krokodiloak ikusteko aukera izango dugu.

Alazne Leioakoa da, eta lau urte daramatza Floridan bizitzen. Bryanekin maitemindu zelako joan zen Ameriketako Estatu Batuetara. Bocarratonen bizi dira biak, eta gimnasia erritmikoko irakaslea da. Arantzaren dendara eramango gaitu Alaznek, eta West Palm Beach-en 40 urte daramatzan urretxuarrekin afari euskaldun bat jan ahalko dugu.

Gure azken pertsonaia Yon da, Durangokoa. Hiru urterekin heldu zen Ameriketako Estatu Batuetara, bere aita pilotaria Jai Alai frontoira joan zenean. Merche eta Jesus gurasoekin Miamiko toki euskaldunena ezagutuko dugu: Cayo Vizcaino. Yonen kontsulta, Coral Gables eta bere etxea ezagutuko ditugu ondoren, bertan biltzen baitira Athleticeko zaleak.

'Vascos por el Mundo' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.