Itxi

telebista

22:10ean

Osasuna negozioa ote den aztergai, gaur gauean, '360º' saioan

EiTB

Industria farmazeutikoaren jarduera ezbaian jarriko dute Eider Hurtadok eta haren lantaldeak.

  • Eider Hurtado

    Eider Hurtado

Igande honetako '360º' saioak osasunaren inguruan negozioa egiten ote den ikertuko du. Industria farmazeutikoa izango dute jomugan, eta sendagai gehiago saltzeko asmoz legez kanpoko jarduerak egiten ote dituen aztertuko dute Eider Hurtadok eta haren lantaldeak.

Hainbat jarduera daude susmopean. Esate baterako, pazienteen kolesterol maila beherantz aldatu izana botikak saldu ahal izateko; edo aurretiazko gaixoak sortzea farmakoen kontsumoa areagotzeko.

Esaterako, Juan Luis Uria, osasun eskubidearen alde lan egiten duen Osalde elkarteko presidentea, gehiegizko medikazioaren aurka dago eta sektore farmazeutikoari egozten dio errua. Bestalde, Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmazia zuzendariari galdetuko diote ea egia den sektoreko enpresek medikuen laguntza edo babesa jasotzen dutela oparien edo kongresuetara joateko gonbidapenen truke.

Leioako Faes Farma konpainiara ere joango dira, zenbait sendagairen salmentak izandako igoeraren zergatiaren bila. Bertako I+G zuzendariari, Gonzalo Hernandezi, interes komertzialak ikerketari gailentzen zaizkion galdetuko diote.

Internet bidez botikak erosteko aukeraz ere arituko dira saioan. Osasunarentzat arriskutsua izan arren, jarduera hori zabaltzen ari da. Halaber, Bruselara joango da '360º' saioko lantaldea, Europako industria farmazeutikoaren lobbyak nola lan egiten duen ikertzera.

Gainera, terapia alternatiboez hitz egingo dute Lleidako nekazari batekin: Josep Pamiések dio autismoa sendatu dezakeela lixibaren deribatu baten bidez.

Azkenik, medikamentuek gure osasunean izan ditzaketen ondorioak aztertuko dituzte: Isabel Arbizuk arazo neurologiko larriak ditu Agreal hartu izanagatik. Menopausiaren eragina arintzeko botika hau 2014an erretiratu zuten merkatutik.

El negocio de la salud izeneko erreportajea, '360º' saioan, 22:10ean, ETB2n eta eitb.eus-en.