telebista
Mozal Legeari buruz
'Libertades Encarceladas' erreportajea, 23:15ean, ETB2n
EiTB
Saioak Europan ematen ari den askatasun atzerakada aztertu eta Mozal Legeak gure gizartean eragin dituen ondorioak azalduko ditu.
2015eko apirilean, PP alderdiak Hiritarren Segurtasunerako Lege Organikoa (Mozal Legea izenarekin ezaguna dena) eta Kode Penalaren aldaketa onartu zituen Diputatuen Kongresuan. Lege berriak delitutzat hartzen ditu Koroaren kontrako irainak, terrorismoaren gorespena eta erlijio sentimenduen aurkako irainak, eta Estatuko segurtasun indarrei botere gehiago ematen die 'hiritarren segurtasuna'ren alde egiteko.
Legean aipatzen diren kontzeptuen anbiguotasunak epaile eta poliziaren esku uzten du legearen interpretazioa eta ondorioz, eztabaida handia sortu duten hainbat kasu entzutetsu jazo dira. Igandeko Libertades Encarceladas erreportajeak Mozal Legeak epaitu dituen hainbat pertsonaren auziak bilduko ditu: horien artean daude Valtonyc raperoa, Toni Alba eta Alberto San Juan aktoreak, CDRetako Adrá Carrasco aktibista, PAH plataforma eta beste hainbat kazetari eta margolari.
Protestaren kriminalizazioak eta adierazpen askatasunaren atzerakada honek desmobilizazioa eta autozentsura eragiteko helburu dutela uste dute hainbat adituk. Gaur egun, 80ko hamarkadan boterearen kontrako kritika gogorrak egiten zituzten idazle, musikari eta artistak kartzelan egongo lirateke Mozal Legearen arabera.
'Libertades Encarceladas' erreportajea gaur izango da ikusgai 23:15ean ETB2n.