Itxi

telebista

Saio berezia

'Butterfly' minisailaren estreinaldia, gaur, 'LND' berezian

EITB

ETBk Ekai Lersundi haur transexualaren omenezko ekitaldiekin bat egingo du eta 'Butterfly' telesailaren aurrestreinaldia eskainiko du Ondarroan, Naizen elkartearen eskutik.

  • 'Butterfly'

    'Butterfly'

Euskal Telebistak bat egingo du Ekai Lersundi duela urtebete Ondarroan hil zen haur transexuala omentzeko gaur bere herrian egingo diren ekitaldiekin. Larunbatean bertan 'LND' saioan ikusgai izango den Butterfly minisail britainiarraren aurrestreinaldia antolatu du, Naizen Adingabe Transexualen Familien elkartearekin batera. Filma Ondarroako Bide Onera zinema-aretoan eskainiko da lehendabizi, 20:00etan, eta ETB2n gero, 22:00etan.

Ekaik bere buruaz beste egin zuen oso baldintza zailak bizi izan ostean. Haur transexualen errealitatea eta sufrimendua gertuagotik ezagutzen lagunduko digu Butterfly pelikulak. Izan ere, benetako gertakarietan oinarritutako lan horrek transexual kolektiboko kideek dituzten arazoak, beldurrak eta esperantzak islatzen ditu.

Jackie Green, gizonezko sexu-organoekin jaio zen emakumearen istorioa azalduko digu pelikulak. Sexua berresleitzeko ebakuntza egin zuen munduko pertsonarik gazteena izan zen, 16 urterekin. Bederatzi urte zituela, nesken arroparekin janzten zen, eta sufritu zuen eskola jazarpen gogorraren ondorioz, zazpi aldiz saiatu zen bere buruaz beste egiten. Hala ere, zailtasun guztiei aurre egitea lortu zuen bere amaren ezinbesteko laguntzarekin.

Jackieren ama, Susie Green, aholkulari lanetan ibili zen Butterfly minisailaren ekoizpenean. Erresuma Batuan pertsonaia mediatiko ezaguna da gazte transexualen aldeko bere borrokarengatik, eta gaur egun Mermaids (Sirenak) adingabe transexualen familien elkarteko zuzendaria da.

Pelikularen aurrestreinaldia Ondarroan

Telebistako emanaldiaren aurretik, ETBk Butterfly filmaren aurrestreinaldia eskainiko du Ondarroako Bide Onera zinema-aretoan (Arabide Kalea, 15), arratsaldeko 20:00etan. Ekairen omenezko ekitaldien barruan antolatutako emanaldia da, eta sarrera doakoa izango da. Gonbidapenak txarteldegian banatuko dira emanaldia hasi baino ordu bat lehenago.

Ekitaldia Naizen Adingabe Transexualen Familien elkartearen parte-hartzearekin antolatu du Euskal Telebistak. Elkarte horrek laguntza eta aholkularitza eskaintzen die gazte transexualei eta beren familiei. Pelikularen aurkezpena Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta Elaxar Lersundi Ekairen aitak egingo dute.