telebista
Zinema
'Casual day' filma izango da ikusgai gaur gauean ETB1en
Max Lemcke zuzendari madrildarraren pelikula honek enpresa mundua hartzen du ardatz, betiere umore klabean.
Gaur gauean Euskal Telebistaren lehen kateak Casual day pelikula eskainiko du, euskaraz. Max Lemcke zuzendariak Juan Diego, Javier Rios, Luis Tosar, Alex Angulo, Malena Alterio eta Arturo Vallsen mailako aktoreak gidatzen ditu umorez beteriko film honetan. Esparru pribatu zein publikoan enpresen funtzionamenduaren inguruko kritika honek espero ez diren gertakariak erakutsiko dizkie ikus-entzuleei.
Ameriketako Estatu Batuetatik ekarritako adibidea da Casual day. Enpresek lankideen arteko harremanak indartzeko irteerak antolatzen dituzte asteburuetan; irteera hauek, gainera, estresa murriztea eta enpresaren ekimena bultzatzea dute helburu. Ruyk (Javier Rios) bizitza erraza izan du beti, baina bat-batean konpromiso handi batean sartuta ikusiko du bere burua. Jose Antoniok (Juan Diego), bere neska-lagunaren aitak, oso lanpostu garrantzitsua lortu dio bere enpresan lan egiteko, eta etorkizun hurbil batean bera ordezkatzea nahi du. Hogeita bost urterekin eta inoiz erabakirik hartu gabe, harrapatuta sentituko da Ruy, eta enpresa berri horretako kideekin "casual day" bat pasatzera joango da, behartuta.
Casual day pelikula zuzendari eta langile talde batek landetxe batean pasatuko duten asteburuaz arituko da. Komedia azidoa da, askotan absurdoa, enpresen munduan eratzen diren botere harremanen isla.
22:30etik aurrera izango da ikusgai Casual day, ETB1en.