telebista
22:15ean
José María Aznarri buruzko erreportajea, gaur gaueko '360º' saioan
EITB
Eider Hurtadok aurkeztuta, Aznarren ibilbide politikoa errepasatu eta Espainiako gobernua utzi ondoren politikan izan duen eragina aztertuko du saioak.
-
'La Soberbia de Aznar: el lado oscuro del PP' erreportajea.
Hamabost urte pasa dira José María Aznarrek Espainiako gobernua utzi zuenetik, baina berriz ere politikaren lehen lerroan agertu da Pablo Casado PPko presidentearen itzalpean. Haren inguruko erreportajea eskainiko du igande honetako '360º' saioak La soberbia de Aznar: el lado oscuro del PP izenburupean. Besteak beste, akatsak ez onartzeko erakutsi duen joera eta argitu gabeko kasuez beteriko ibilbide politikoa aztertuko du. Horretarako, PP alderdian eman diren ustelkeria kasuak, Irakeko gerra edo M11ko atentatu terrorista ekarriko dituzte gogora.
Eider Hurtadok zuzendu eta aurkeztutako saioa Jose Maria Aznarren jatorrietara itzuliko da. Gaztela eta Leongo Juntako presidente izan zenean, alderdiko ustelkeria kasuen aurrean erakutsitako jarreraz mintzatuko da Francisco Molina Salas, Carrión de los Condes herriko alkatea, esklusiban, ETBrako. Halaber, Aznarrekin trukatu zituen eskutitzak publiko egingo ditu lehen aldiz.
Garaia hartan, 1987-1989 urte bitartean, Miguel Ángel Rodríguezen ibilbide politikoa hasi zen Aznarren eskutik. PP alderdiaren eta Espainiako gobernuaren komunikazio arduraduna izan zenak Aznarren lehen legealdian garatu zituzten estrategien berri emango dio Eider Hurtadori.
Horrez gain, José Mariano Benítez de Lugorekin, Gürtel auzian Mariano Rajoyri galdeketa egin zion abokatuarekin, hitz egingo du Hurtadok. Berak argi dauka Barcenasen paperetan agertzen diren J.M. siglen atzean Jose Maria Aznar izena dagoela.
Moncloa utzi ondoren, Aznarren ondarea 20 aldiz handitu zen. Nazioarteko hainbat enpresen aholkularia izan da eta unibertsitatean klaseak ematen ditu. Marcos Paradinas El Plural-eko kazetariaren esanetan Espainiako gobernu presidente ohi aberatsena da.
Aznarrek politika inoiz utzi ez duela dioten ahotsak ere bilduko dituzte. Manuel Milián Mestre Alianza Popular eta ondorengo Alderdi Popularreko sortzailearen iritziz, Aznar da alderdiari kalte gehien egin dion pertsona. Gainera, eskuineko hiru alderdien atzean haren itzala dagoela ere uste du.
'360º' saioak La soberbia de Aznar: el lado oscuro del PP erreportajea eskainiko du igande honetan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.