Itxi

telebista

22:15ean

'Amenaza totalitaria' erreportajea, gaur, '360º' saioan

EITB

TV3ko 'Sense Ficció' saioaren erreportajeak eskuin muturreko alderdien gorakada aztertuko du.

  • 'Amenaza Totalitaria' erreportajea '360º' saioan

    'Amenaza Totalitaria' erreportajea '360º' saioan

'360º' saioak eskuin muturreko alderdien inguruko Amenaza totalitaria erreportajea eskainiko du gaur. Matxismoa, xenofobia, populismoa, patriarkatua eta autoritarismoa alderdi hauen programen eta ideologiaren muineko ideiak dira. Nahiz eta ultraeskuinekoak ez direla adierazi, erakundeetan sartzea lortu dute eta gaindituta zeuden gaiak agenda politikora eraman dituzte berriz ere: genero indarkeria, suzko armen erabilera edota heriotza zigorra.

TV3ko 'Sense Ficció' saioko erreportajeak Espainiako, Italiako eta Suediako eskuin muturreko alderdien gorakadaren arrazoiak aztertuko ditu: globalizazioa, gizarte mugikortasunaren blokeoa, herritarren beharrizanetatik geroz eta aldenduagoak dauden alderdi politikoen jokaera, eta abar.

Horrez gain, Andaluzian izango dira, bertako hauteskunde autonomikoetan lortu baitzuen VOX alderdiak lehen garaipena. Kataluniako VOX alderdiaren jarraitzaileen atzetik ere joango dira eta alderdiaren ideologiaren atzean dauden Fernando Sánchez Dragó pentsalariarekin eta Santiago Abascal politikariarekin hitz egingo dute

Eskuin muturreko alderdiek Europako hainbat herrialdeetako erakundeetan botere kuota garrantzitsuak lortu dituzte, adibidez, Hungarian, Polonian edo Italian. La Liga alderdi italiarrak, esaterako, leku nabarmena du. Bertako ordezkari batekin hitz egingo dute: Ricardo Molinarirekin.

Suedian ere Demócratas de Suecia alderdiak nabarmen egin du gora, baina Europako iparraldeko herrialde honetan zentro-ezkerreko alderdiek bat egin dute eskuin muturreko botereek aurrera egin ez dezaten.

Ultraeskuineko alderdiek Europako Parlamentuko aulkien herena lortzeko helburua dute, erakundeak barrutik suntsitzeko. Horretarako, herrialdeetako alderdien arteko desberdintasunak gainditu eta elkarrekin bat egitea eskatzen dute eskuin muturreko hainbat ahotsek.

'360º' saioak Amenaza totalitaria erreportajea eskainiko du gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.