Itxi

telebista

Estreinaldia

'La Sala' telesailaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB

Francesc Garrido, Goya Toledo, Raúl Prieto eta Natalia Rodríguez aktoreak protagonista dituen telesailak bere lankidea hiltzen duen polizia-inspektore baten kasua hartuko du ardatz.

  • Goya Toledo eta Francesc Garrido aktoreak 'La Sala' telesailaren irudi batean.

    Goya Toledo eta Francesc Garrido aktoreak. Irudia: EiTB

Gaur gauean, 'La Sala' telesaila estreinatuko dute ETB2k eta eitb.eus-ek 22:30etik aurrera. Galdeketetan aditua den polizia-inspektore batek eginiko krimena du abiapuntu, eta ikerketa aurrera eramango den instrukzio-epaitegian garatuko da istorioa.

Honako aktore hauek parte hartuko dute, besteak beste: Francesc Garrido (Yago Costa), Goya Toledo (Lola Solozábal), Raúl Prieto (Luis Corbalán) eta Natalia Rodríguez (Sara Sibilio). Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakunde edo Entitateen Federazioak (FORTA) koordinatu eta lagundu du 'La Sala' fikziozko telesailaren filmaketa.

Telesailean bederatzi hedabide publiko autonomikok parte hartu dute (TV3, RTVM, SAMC, ETB, TVPC, CMM, ARAGON TV, RTPA eta IB3), Can Can, Isla Audiovisual eta Funwood Media ekoiztetxeekin batera.

Telesaila

Yago Costa inspektorea bere ibilbide osoan lantoki izan duen polizia-etxean sartuko da, eta ageriko arrazorik gabe, Luis Corbalan lankide eta laguna tiroz hilko du. Handik denbora batera, Yagok Sara Sibilio kazetari gaztearen bisita jasoko du kartzelan. Hilketaren zergatia jakin asmoz, elkarrizketa sorta bat egin nahi dio.

Yago Costa ospe handiko polizia inspektorea da, galdeketak egiteko duen trebeziagatik, gizon azkarra eta isila. Azken bost urteetan ikertutako gertaerez mintzatuko da Sararekin eta, batez ere, ebatzitako kasu konkretu baten istorioa kontatuko dio. Kazetaria, datuak biltzen dituen heinean, ustelkeria kasu baten aurrean dagoela ohartuko da, eta tartean poliziak, politikariak eta epaileak daudela.

Yagok uko egin zion bere laguna hiltzeko arrazoiak azaltzeari, baina orain, azken bost urteetan gertatutakoaren nondik norakoak argitzea erabakiko du.

Halaber, Yagoren ibilbide profesionalarekin estuki lotuta dauden bizitza pribatuko zenbait datu ezagutuko ditu Sarak. Alde batetik, Lola Solozabal epaile boteretsuarekin izandako harremana, lanekoa ez ezik, intimoa ere bai. Bestetik, Tachenko ukraniar proxeneta arriskutsua harrapatzeko izan duen obsesioa; haren biktimetako bat, Ivanka neska gaztea, babesteko egindako ahaleginaz ere ohartuko da Sara. Amaitzeko, Luis Corbalan lankide eta biktimarekin zuen harremanaz ere ikertuko du Sarak.

Apurka-apurka, Sara ohartuko da Yagok ez dituela kasualitatez aukeratu kasuak, eta Luis hiltzeko arrazoien inguruan erantzun bat baino gehiago egon daitezkeela.