telebista
Donostiako Aste Nagusia 2019
Donostiako Aste Nagusiak tarte zabala izango du EITBn
EITB
Artillero eta Abordatzearen zuzeneko emanaldiak izango dira ikusgai eta 'Donostiako Aste Nagusia 2019' saioak, gauero, su festa eskainiko du zuzenean.
-
Donostiako Aste Nagusiaren hasierako kanoikada. Irudia: EiTB
Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo du EiTBk abuztuaren 10etik 17ra bitartean.
Hasteko, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute jaien hasierako 'Artillero' ekitaldia. Bestalde, Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok 'Donostiako Aste Nagusia 2019' saio berezia aurkeztuko dute gauero, 22:15ean, ETB1en. Saioak su festa eskainiko du zuzenean, eta jaietako protagonista ezberdinak izango ditu gonbidatu.
Horrez gain, ETB1ek Donostiako piraten abordatzearen zuzeneko emanaldia eskainiko du, astelehenean, abuztuaren 12an. Halaber, Konstituzio plazan egingo den 42. Txistulari Kontzertu Nagusia eskainiko du, larunbatean, abuztuaren 17an. Emanaldi guztiak eitb.eus-en ere izango dira ikusgai.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere zuzenean bat egingo dute jaien hasierako kanoikadarekin, eta gertutik jarraituko dituzte Aste Nagusiaren nondik norakoak albistegi eta programa ezberdinetan.
'Artillero 2019'
Larunbatean, 18:00etatik aurrera, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Donostiako Aste Nagusiaren hasierako ekitaldia Aunitz Alberdi eta Juan Terolen kontakizunarekin. Aurten, Real Sociedad futbol taldeko jokalariek (2019ko Erreginaren kopako txapeldunak) eta belar hockey taldekoek (Europa 2019ko txapeldunordeak) 'Artillero' abestuko dute Eskola-Gurutziaga abesbatzak lagunduta. Ondoren, kanoikada tradizionalarekin emango zaio hasiera 2019ko Aste Nagusiari.
Maite Eskarmendik eta Odei Esnaolak, gainera, Alderdi Ederren bizi den giroaren berri emango dute, eta ekitaldiaren protagonistak eta bertara hurbilduko diren herritarrak elkarrizketatuko dituzte.
Saioan izango dituzten gonbidatuen artean, Eneko Goia Donostiako alkatea, Onintza Mokoroa Artillero Nagusia eta Luis Mokoroa Artilleo Nagusi ohia izango dituzte. Gainera, Ismael Fritschi eta Jaime Zatarain Perfectos desconocidos antzezlaneko aktoreak eta Getari Etxegarai eta Leire Ruiz El Enjambre laneko aktoreak elkarrizketatuko dituzte. Bi antzezlanak Donostian ikusgai izango dira Aste Nagusian zehar.
Bestalde, Xabier Anduaga tenore donostiarra, Operalia 2019 lehiaketako irabazlea; Ion Aramendi, ETBko aurkezlea; Aitor Valdecantos Arabako Valecea su-etxeko kidea; Itzurun konpartsako Iñigo Garcia; Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteko Pedro Pérez; Oihan Vega Gazteako esataria; Ainhoa Larrañaga eta Nerea Mazo aktoreak; eta Realeko futbol eta belar hockey taldeetako neskak hartuko dituzte saioan.
Gauero, su artifizialak
Larunbatean hasi eta aste osoan zehar, gauero, 22:15ean, 'Donostiako Aste Nagusia 2019' saio berezia gidatuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok Kontxako Pasealekutik zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Su Artifizialen 56. Nazioarteko lehiaketa zuzenean eskainiko dute, eta horrekin batera, Aste Nagusian protagonista diren gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte.
Horrez gain, Iñigo Agirre eta Jaione Carpintero kazetariek Kontxako hondartzan eta Donostiako portuan dagoen giroaren berri emango dute zuzenean, eta eguneko ekitaldi eta jarduera ezberdinen inguruko erreportajeak ekarriko dituzte.
Larunbatean, Arabako Valecea su-etxeak emango dio nazioarteko su artifizialen lehiaketari hasiera eta saiok zuzenean eskainiko du ikuskizuna. Horrez gain, Iraia Iparragirre eta Maddi Torre Realeko futbolariak izango dituzte saioan gonbidatu, haiek izan baitira aurtengo Artillero ekitaldiko protagonistak. Halaber, Joseba Apaolaza aktorea ere hartuko dute saioan.
'Abordatzera 2019'
Astelehenean, abuztuaren 12an, Donostiako piraten abordatzearen zuzeneko emanaldia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 16:15etatik aurrera. Xabier Sukiak eta Intxaurrondo auzoko Traganarruak kofradiako Erik Urbietak egingo dute emanaldiaren kontakizuna. Halaber, Odei Esnaola eta Maite Eskarmendi kazetariak portuan eta Kontxako hondartzan izango dira, bertan bizi den giroa bildu eta protagonistak elkarrizketatzeko.
42. Txistulari Kontzertua
Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean, abuztuaren 10ean Donostiako Konstituzio plazan ikusgai izango den 42. Txistulari Kontzertu Nagusia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek hurrengo larunbatean, abuztuaren 17an. Euskal Herri osotik etorritako 80 bat txistularik euskal dantzak eta abesti herrikoiak eskainiko dituzte, abesbatza eta dantza talde ezberdinekin batera.
Radio Euskadi eta Euskadi Irratia
Donostiako Aste Nagusiak irauten duen bitartean, egunero tartetxo bat egingo diote Radio Euskadin eta Euskadi Irratian Donostiako jai-giroari. Gainera, larunbatean, abuztuaren 10ean, jaien hasierako 'Artillero' ekitaldia eskainiko dute zuzenean. Euskadi Irratiaren kasuan Miren Altunak egingo du kontakizuna, eta Radio Euskadiren kasuan Nerea Sarriegik.
Egunero, albistegiek eskainiko dute jaien inguruko informazioa eta horrez gain, programa ezberdinetan tartea egingo diote Donostiako Aste Nagusiari: Euskadi Irratiko 'Blai' eta 'Txiriboga' saioetan eta Radio Euskadiko 'Entre Calles' eta 'Graffitti' tarteetan, hain zuzen ere. Tarte horietan David Beramendi, Mikel Yarza eta Asier Odriozola kazetariak arituko dira.