Itxi

telebista

Astelehenean

Plato berriak estreinatuz ekin diote denboraldi berriari ETBko albistegiek

EiTB

'Gaur Egun'eko eta 'Teleberri'ko platoak itxura berrituta, zazpigarren denboraldiz jarraian lortutako lidergoari eustea izango da xedea.

1:51
ETBko albistegien aurkezleak. Argazkia: EiTB

'Gaur Egun' eta 'Teleberri'ren plato berriak estreinatuz ekin diote Euskal Telebistako albistegiek denboraldi berriari. Informazioan eta aktualitatean erreferente izatea eta zazpi urte hauetako lidergoari sendo eustea dira ETBren helburu nagusiak. Egiazko informazioa, hurbila eta kalitatezkoa egitea, eta euskal ikus-entzuleen konfiantzari eusteko lan egitea dira hastapen nagusiak.

Zazpi urtez jarraian izan dira lider albistegiak, inoizko tarte luzeena, eta, orain arte, aurten, batez beste, % 18,9ko audientzia dute. Datuak bereizita aztertuz gero, 'Teleberri'k, batez beste, % 16,4ko audientzia eskuratu du, eta 'Gaur Egun'ek, % 2,5eko audientzia zatia; euskaldunen artean, % 8,2koa.

Albistegietako taldean ez da aurkezle aldaketarik izango denboraldi honetan. 'Egun On Euskadi' 09:00etako albistegi goiztiarra Iban Garatek aurkeztuko du; eguerdian, Xabier Usabiagak ekarriko ditu albisteak 14:00etako 'Gaur Egun'en eta Africa Baetak 15:00etako 'Teleberri'n. Gauean, astelehenetik ostiralera, euskaraz, Yerai Diaz Ikaran izango dugu 20:00etan 'Gaur Egun'en eta Juan Carlos Etxeberria 21:00etan 'Teleberri'n. Azkenik, asteburuan, Estibaliz Ruiz de Azuak eguerdiko 'Teleberri' albistegia gidatuko du eta Xabier Garcia Ramsdenek gauekoa. Jonan Apaolaza izango dugu, orobat, asteburuan 'Gaur Egun' albistegiaren gidaria.

Kirolei dagokienez, 'Gaur Egun Kirolak' Jon Balentziagak eta Ana Ramosek aurkeztuko dute eta 'Teleberri Kirolak' Jose Ituartek eta Sara Gandarak.

Berebat, albisteen ostean datorren 'Eguraldia' Andoni Aizpuruk eta Ana Urrutiak aurkeztuko dute astean zehar eta June Ansoleagak asteburuan. Eguraldiaren informazioaren ardura Zuriñe Zulaikak du.

Informazio guztia, eitb.eus-en

Ahalegin honek eitb.eus webgune multimedian du bere isla. Entretenimenduan eta informazioan erreferente izatea da helburua, eta orain arteko audientziei eustea. Maiatzean, hain zuzen ere, marka hautsi zuen: hilabetean 5.859.700 erabiltzaile bakar izan zituen, eta, batez beste, egunean 260.656 erabiltzaile bakar.

Aurten, EiTBren webguneak, batez beste, 5.017.556 erabiltzaile bakar izan ditu hilean eta 228.646 erabiltzaile egunean.