telebista
22:15ean
Espetxeetako errealitatea aztergai, gaur gauean, '360º' saioan
EiTB
Presoen erdia baino gehiago gaixo dago eta, batik bat, buruko gaixotasunak pairatzen dituzte. Kasu batzuetan, osasuna zigorraren parte da.
-
Espetxeen gaiari helduko dio aste honetan ETB2ko '360º 'saioak.
Espetxeen gaiari helduko dio aste honetan ETB2ko '360º 'saioak. Preso dauden herritarren osasun egoera lehen eskutik ezagutu asmoz, Eider Hurtado eta bere lan-taldea Zaballako kartzelan sartuko dira. Datuen arabera, presoen erdia baino gehiago gaixo dago eta horietako askok buruko gaixotasunak pairatzen dituzte. Gainera, kasu batzuetan, osasuna zigor modura erabiltzen da.
Zaballan dagoen Araba espetxea Euskadiko jendetsuena da, 700 presotik gora daude. Benito Aguirre zuzendariaren eskutik ezagutuko du Eider Hurtadok bertako errealitatea. Gaixo dauden preso asko gizarte talde marjinatuetatik datoz. Kartzela barruan drogekin trafikatzen dela ere kontatuko dio.
Hain zuzen ere, espetxe barruko osasun zerbitzuen helburu nagusietako bat da drogomenpenkotasunari aurre egitea, batez ere gazteen artean. Halaxe azalduko du Asier López de Arkautek, Zaballako espetxeko lehen arreta unitateko arduradunak.
Askatasuna ukatuta duten pertsonen osasunaren aldeko elkartea da Osabideak. Nahia Aia elkarteko bozeramaileak protokolo baten beharra aldarrikatuko du, osasun egoera tarteko, presoa aske uztea gomendatzen den kasuetarako. Horrekin, epaileen erabakiak mediku-txostenen aurrean gailentzea ekidin nahi da.
Preso egondako zenbait herritarren testigantzak bilduko ditu '360º' saioak. Ana Lizarralderi mioma bat atzeman zioten uteroan, baina ez zioten oinarrizko osasun arreta eskaini eta horrek estres arazo larriak sortu zizkion.
22 urtez preso egon zen Santiago Cobosen esanetan, kartzelak pertsona aldatu egiten du, ezintasun eta gorroto sentimenduak pilatzen zaizkio.
Iñaki Subijana Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko presidentearekin presoen osasun mentala zaintzeko beharraz arituko dira. Arrasateko Aita Menni Ospitalean dagoen Psikiatria Legaleko Unitatearen sortzaileetako bat izan zen Subijana.
Presos y enfermos, una dura realidad erreportajea gaur izango dugu ikusgai '360º' saioan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.