telebista
Gaur
Urkuluko urtegia eta inguruak ezagutuko ditu 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioak
EiTB
Aretxabaletan dago kokatuta eta Gipuzkoako paraje naturalik bisitatuena da.
-
Joseba Arguiñano Urkulun programako irudi batean
Joseba Arguiñanok Aretxabaletan kokatuta dagoen Urkuluko urtegira egingo du txangoa gaur. Paraje ikusgarri hau Gipuzkoako naturgune bisitatuena da.
Andoni Uribe-Etxebarria, urtegia eraiki aurretiko Urkulu baserrian jaio eta hazitakoa, izango du bidelagun Josebak. Korueta eliza bisitatu ostean, baratxuri zopa bat prestatuko dute elkarrekin.
Urtegia inguratzen duen 6,5 kilometroko bide berdean gurdiz ibilaldiak egiteko aukera dago, 'Urkulu trotian' egitasmoari esker. Amaia Otaduy arduradunak emango dio horren berri. Bestalde, 'Kanpai-joleak' proiektua ezagutuko du Josebak. Areantza auzoko Andra Mari elizan kanpaiak jotzeko ikastaroak eskaintzen dituztela azalduko dio Julen Abasolok.
Gastronomia eskaintza ere badago inguruan. Argiñano Joseba Goyaran erretegira joango da eta Urko Sanchez sukaldariarekin txuletoia, erreboiloa eta legatz kokotxak prestatu eta jango dituzte.
Azkenik, Monika Izarzaburik zuzentzen duen Urkulu landetxea ezagutuko du.
'Escapadas con Joseba Arguiñano' gaur izango da ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en, 20:00etan.