Itxi

telebista

21:00etan

Garikoitz Mendizabal protagonista, gaur gauean, 'Oholtzan' saioan

EiTB

Txistulariaren 25 urteko ibilbidea biltzen duen erreportajea eskainiko dute, eta 'Golden Apple Quartet Donostian' emanaldiaz gozatu ahal izango dugu gero.

0:21
Garikoitz Mendizabal txistularia

Aste honetako 'Oholtzan' saioan, 'Garikoitz Mendizabal. 25 urteko ibilbidea' izango dugu ikusgai, txistulari zestoarra protagonista izango duen erreportaje berezia. Ondoren, 'Golden Apple Quartet Donostian' emanaldia eskainiko dute. 

Txistularitzan maisua dugu Garikoitz Mendizabal, tradizioari eutsiz bide berriak urratu dituen musikaria. 25 urte hauetako ibilbidearen errepasoa egingo du saio bereziak, bere hastapenetatik azken lanetaraino. Zestoarrak parte hartu duen emanaldi eta proiektuetako irudiak berreskuratuko dituzte, besteak beste, San Petersburgoko Orkestrarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Kepa Junkerarekin eta euskal musika talde eta bakarlariekin eskainitako emanaldietako pasarteak. 

Garikoitz gertutik ezagutzen duten lagunak ere entzungo ditugu: Carlos Nuñez gaiteroa, Xabi Zabala musikari eta konpositorea, Miguel Romea eta Unai Urretxo orkestra zuzendariak, Miren Fernandez, Aitor Furundarena eta German Ormazabal musikariak, Alberto Urretxo BOSeko musikaria eta Bilboko Musika Eskolako ikasleak. 

Saio berezi honen ostean, 2018ko Donostiako Aste Nagusian Groseko Katalunia Plazan Golden Apple Quartet taldeak eskainitako emanaldiaz gozatu ahal izango dugu 'Oholtzan' saioan. 

Hitzordua, gaur, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.