Itxi

telebista

22:15ean

Haurren obesitateaz, gaur, '360º' saioan

EiTB

Arazoaren arrazoiak eta konponbideak aztertuko dituzte zenbait aditurekin.

  • Haurrak, ikasgelan

    Haurrak, ikasgelan. EiTBko bideo batetik hartutako irudia

Euskadin, 14 urtetik beherako adingabeen % 34k behar baino pisu handiago dute. Obesitateak gora egin du azken urteotan, osasun publikoarentzat arazo larri bihurtzeraino. Munduko Osasun Erakundearen arabera, epidemia bat da. Gai horri helduko dio ETB2ko '360º' saioak gaurko erreportajean. 

Alde batetik, obesitatea duten bi gaztetxo ezagutuko dituzte, eta, bestetik, Iratxe Salcedo Osakidetzako pediatrarekin bilduko da Eider Hurtado. 

Halaber, Nerea Segura dietista eta nutrizionistaren laguntzarekin, Bilboko bi ikastetxe bisitatuko dituzte, errealitate sozioekonomiko ezberdina dutenak. Izan ere, azken ikerketen arabera, maila sozioekonomiko baxuagoa duten familietan bizi direnei eragiten die gehien obesitateak. Hori horrela ote den galdetuko diote Ferran Garcia Justicia Alimentaria gobernuz kanpoko erakundeko kideari. 

Bestalde, jaki osasuntsuen inguruan mintzatuko dira Andoni Garcia EHNE eta COAG sindikatuetako kidearekin. 

Haurren obesitateari aurre egiteko modurik ote dagoen aztertuko dute, beraz, gaur, '360º' saioan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.