Itxi

telebista

21:00etatik aurrera

Arantzazuko eta Senpereko kantaldiak, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Gabon kantak eta euskal kantutegiko abesti tradizionalak izango ditugu entzungai.

  • Arantzazuko santutegian grabatutako musika ikuskizuna

    Arantzazuko santutegian grabatutako musika ikuskizuna. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

Gaur gauean, bi emanaldi berezi izango ditugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 21:00etatik aurrera: 'Gabon kantak Arantzazutik' eta 'Kantu zaharren afaria Senperen'.

Arantzazuko Santutegian grabatutako emanaldian gabon kantak entzungo ditugu haur eta helduen ahotsean, ikuskizunerako bereziki Fernando Velazquezek egindako moldaketa bereziekin. Aretxabaletako abesbatza, Oñatiko Ganbara, Arrasateko Goikobalu, Azkoitiko Bizkargi eta Aretxabaletako eta Azkoitiko musika eskoletako kideak arituko dira kantuan, Sapere Aude Sinfonietta musika taldeak lagunduta. Guztiak, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean.

Senpereko Inharri baserrian egindako kantu zaharren afarian, iparraldeko eta hegoaldeko musikariak elkar hartuta arituko dira, euskal kantutegian falta ezin diren ohiko abesti tradizionalak abesten. Parte hartzaileen artean, Bankako Menditarrak, Pantxoa Karrere eta haren semea Hugo, Boklakariak, Aire Ahizpak, Altxeroak eta Mikel Erramozpiden taldeko neskak daude.