Itxi

telebista

22:15ean

'Itziarren semeak, un año después' erreportajea, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Tolosako Instrukzio Epaitegian, Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturak salatu zituzten sei pertsonak bilduko ditu erreporaje bereziak, duela urte bat hasi zen prozesu judiziala aztertzeko.

  • 'Itziarren semeak, un año después' saioaren irudia.

    'Itziarren semeak, un año después' saioaren irudia, EiTBko bideo batetik hartuta.

2019ko urtarrilaren 16an sei pertsonek salaketa jarri zuten Tolosako Instrukzio Epaitegian, bertako Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturak salatzeko. 1975 eta 1976 urte artean izan ziren tortura horiek, Jesús Muñecas Aguilar kapitaina bertako arduraduna zela.

Urte bete geroago, salaketa hura jarri zuten biktimek justizia exijitzen jarraitzen dute. Zein puntutan dago salaketa? Tramitera onartu dute? Zeintzuk dira emateko hurrengo pausuak? Amaierara arte iristeko prest al daude?

Galdera horiei erantzuteko, Itziarren semeak, un año después erreportaje bereziak Elixabete Nosellas, Jokin Sarasola, Martín José Zabaleta, Juan Goñi, Josetxo Begiristain, Juan Arangoa eta Josu Ibargutxi bilduko ditu kameren aurrean. 2019ko maiatzean gai honi buruz ETB2k emandako Itziarren semeak erreportajearen protagonistak dira, eta frankismo garaian jasandako torturen testigantza eman, euren egia kontatu eta justizia exijitu zuten. Igande honetan, erreportaje horretan parte hartzeak beraientzat zer eragin izan zuen azalduko dute, eta justiziaren aldeko borrokan izan zuen garrantzia azpimarratuko dute.

Asko dira Muñecas kapitainaren biktima zuzenak, tartean Ondarroako Arrizabalaga anaiak. Horietako batek inspiratu zuen 'Itziarren semea' abestia, torturaren aurkako himno bihurtu zena. Beste kasuetako bat Amparo Arangoarena izan zen, eta torturatutako bere gorputzaren argazkiek oihartzun handia izan zuten nazioartean. Estreinakoz, agerikoa zen errealitate eztabaidaezin bat.

Muñecas kapitainaren kontra nazioarteko atxiloketa agindua eman zuen Servini epaileak, gizateriaren aurkako delitua egotzita. Muñecas, baina, ez da inongo ziegatan izan auzi honekin lotuta.

Protagonistekin hitz egin ondoren, ETB2k berriz ere eskainiko du Itziarren semeak erreportajea. Estreinaldiaren egunean audientziaren harrera bikaina lortu zuen: % 11,0ko audientzia zatia eta 234.000 ikus-entzule.

Itziarren semeak, un año después igande honetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.