Itxi

telebista

Bigarren dibidendu digitala

LTDko ETBren kanalak berriro sintonizatu beharko dira

EiTB

Birsintonizatzeko une hori aprobetxaturik, ETBko aurpegi ezagunek ikus-entzuleak animatuko dituzte urrutiko agintean kanalak berrantolatu eta ETB1HD eta ETB2HD lehen postuetan jartzera.

  • Komunikazio kanpainaren irudia.

    Komunikazio kanpainaren irudia. Irudia: EiTB

Bigarren Dibidendu Digitalak Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Arabako igorgailu nagusietan 5Grako lekua libre uztea eskatzen du, eta horrek LTDko seinalea itzaltzea ekarriko  du laster. Hartara, telebistako ikus-entzuleek antenak egokitu eta telebista kanalak birsintonizatu beharko dituzte.

EiTBko telebista kanaletan ere izango dute eragina aldaketa hauek; eta sintonizatzeko kanal berriak esleitu direnez, auzo-antenak teknikoki egokitzeaz gain, ETB1HD, ETB2HD, ETB3 eta ETB4 birsintonizatu behar dira. Halaber, birsintonizatzeaz baliatuta, Euskal Irrati Telebistak animatu nahi ditu ikus-entzuleak urrutiko agintean ETB1HD eta ETB2 HD lehen postuetan jartzera.

Kanal aldaketa egun ezberdinetan, Gipuzkoan, Nafarroan, Bizkaian eta Araban

Kanal aldaketa ez da erritmo berean egingo. Izan ere, lurralde bakoitzean eta leku bakoitzean ezaugarri bereziak izango ditu: Gipuzkoan otsailaren 10etik 11ra egingo da; Nafarroan, otsailaren 16tik 17ra eta Bizkaia eta Araban, martxoaren 2tik 3ra.

Kasu guztietan, auzo-antena egokitu ez duten jabeen erkidegoek antena egokitu egin beharko dute, beti ere baimendutako enpresa instalatzaile baten bidez, aurreikusitako diru-laguntzak eskuratze aldera. Egokitzapena amaitu ondoren, eta ohiko kanalean emanaldiak ikusten ez diren momentuan, telebista birsintonizatu beharko da. 

Kanalak berriro antolatzeko kanpaina

LTDko erabiltzaileei eta Euskal Telebistako ikusleei, dibidendu digitala dela eta, datozen aldaketa guztien berri emateko, EiTB taldeak abian jarri duen komunikazio kanpainan aurkezle ezagunek ere hartuko dute parte. Mezuan, ikus-entzuleei eskatzen zaie ETBko kanalak berriz sintonizatzean urrutiko agintearen lehen postuetan jartzea: "Gogoan hartu zeure etxean eta zeure telebistan zeu zarela nagusi. Gure kanalak gogokoenak badituzu, hartu agintea eta jarri lehen postuetan. Zurea da agintea, zeurea da erabakia".

Bigarren Dibidendu Digitala

"Bigarren Dibidendu Digitala" izeneko prozesu honen azken eguna 2020ko ekainaren 30a da. Hala ere, Estatuko leku askotan otsailaren erdialdean hasi dira frekuentziaren behin-betiko aldaketak egiten. Hori dela eta, funtsezkoa da oraindik ezer egin ez duten jabeen erkidegoek, premiaz, euren administratzailearekin hitz egin dezaten, edo zuzenean instalatzaile ofizial batekin harremanetan jar daitezen.

Europar Batasunaren agindu honen bidez (neurriak, beraz, ez dio Espainiari bakarrik eragiten), irekian eta doan ematen diren telebistako kanalak (LTD) mugitu behar dira gaur egun betetzen duten esparru erradioelektrikotik frekuentzia berrietara, telekomunikazioko operadoreei lekua libre uzteko 5Gko zerbitzuak zabal ditzaten.