telebista
Kirolak
Galartza, Tolosa eta Arretxe pilotarien partida historikoak, asteburuan
EiTB
Horrez gain, Pello Bilbaok iaz Giroan irabazitako etapetako bat, 2017ko Eusko Label Ligako estropada bat eta 1989ko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala izango dira ikusgai.
-
Ladis Galartza pilotaria EiTBren artxiboko irudi batean
Arrauna, herri kirolak, pilota eta txirrindularitza emanaldiak izango ditugu asteburuan ETB1en eta eitb.eus-en, "Gure Bideoteka" formatuan.
Larunbatean, 16:00etan, Euskaldunak Giroan tarteko azken atala eskainiko da. Pello Bilbaok iazko ekainaren 1ean Monte Avenan lorturiko garaipenaz gozatu ahal izango dugu. Txirrindulari gernikarrak beste etapa bat ere irabazi zuen Italiako lasterketan.
Hau amaitutakoan, 17:30ean, pilota izango dugu. Ladis Galartzaren eta Joxean Tolosaren partida historikoak eskainiko dira: 1989ko Eskuz Banakako finala, Retegi II vs Tolosa; 1991ko Eskuz Banakako finala, Retegi II vs Galartza III, eta 1993ko Lau t´erdiko finala, Galartza III vs Eugi.
Igandean hiru hitzordu izango ditugu. Hasteko, arrauna. Eusko Label Ligako traineruek 2017ko uztailaren 15ean A Coruñan jokatutako estropada eskainiko da 12:30ean.
Bazkal ondorengo herri kirolen tartean, 16:00etan, 1989ko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren final gogoangarri eta berezia ikusteko aukera izango da. Mikel Mindegiak eskainitako erakustaldia eta protagonistek lortutako denborak nabarmendu ziren aldi hartan.
Amaitzeko, 17:00etan, "ETB Kantxa Solasean" saioa hasiko da, Fernando Arretxe protagonista hartuta. 90. hamarkadako izar handienetakoa izan zen luzaidetarraren irudi bereziak ikusteko aukera izango da, baita garaiko aitortza eta bestelakoak ere. Hiru modalitateetan txapela eskuratu zuen bakarrenetakoa izan zen. Horietako hiru garaipenekin berriro gozatzeko aukera izango dugu: 1994ko Binakako finala, Retegi II-Beloki vs Titin III-Arretxe; 1996ko Lau t´erdiko finala, Arretxe vs Nagore, eta 1997ko Buruz Buruko finala, Arretxe vs Elkoro.