Itxi

telebista

22:15ean

Deseskalatzea eta kartzelen egoera nolakoa izango den aztergai, gaur, 360º saioan

EiTB

Eider Hurtadok koronabirusaren pandemiari aurre egiteko hurrengo pausuak aztertuko ditu Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearekin eta Ignacio López Goñi mikrobiologoarekin.

  • Eider Hurtado kazetaria "360º" saioko platoan

    Eider Hurtado kazetaria "360º" saioko platoan. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Konfinamenduaren bosgarren astea gaindituta, indarrean dauden neurrien malgutzea dator orain. "360º" saioak denon ahotan dabilen galderari erantzunak ematen saiatuko da: Nola gauzatuko da deseskalatzea Euskal Herrian? 

Gaiaz hitz egiteko, Eider Hurtadok Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea hartuko du platoan. COVID-19aren aurkako borrokan eman beharreko hurrengo pausuak zeintzuk diren argitzen saiatuko dira. Noiz eta nola hasiko gara etxetik irteten? Nortzuk izango dute horretarako baimena? Nolakoa izan da lan-itzulera? 

Bestalde, Ignacio López Goñi mikrobiologoa solaskide izango du Eider Hurtadok, osasun arloari dagozkion gaiak aztertzeko. Pandemiari agur esateko ibilbidea nolakoa izango den oso argi dauka López Goñik. Halaber, hurrengo krisirako prest egon behar dugula ohartaraziko gaitu. 

Aste honetako "360º" saioak kartzeletako egoerari ere erreparatuko dio. Itxialdiak ondorio latzak izan ditu preso dauden pertsonengan, euren bakardade egoera areagotu baitu. Horrez gain, irteteko zain zeuden zenbait presok barruan jarraitzen dute. Altsasuko gazteen kasua dugu hori. Euren senitartekoekin hitz egingo dute egoera nola bizi duten jakiteko. Halaber, zigorraren hiru laurdenak beteta izanik, kalean egon behar luketen zenbait presori buruz ere hitz egingo dute. 

Zainketa Berezien Unitatean, larri dauden gaixoak artatzeko lanean diharduten osasun arloko profesionalen lekukotasunak ere bilduko dituzte, baita adineko pertsonenak ere. Hauen egoeraz galdetuko diote Pilar Sorando geriatriako mediku eta Zahartzaroako (Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkargoa) presidenteari. 

"360º" saioa gaur gauean izango dugu ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.