Itxi

telebista

Apirilak 27

San Prudentzio jaien omenezko saio bereziak, gaur gauean, EiTBn

EiTB

Gasteizko jai handia bertan behera geratu den arren, hirian bizi den giroa zuzenean jasoko dute Imanol Artolak eta Marta Elvirak ETB1en eta Gema Espinosak eta Aratz Goikoetxeak Radio Vitorian.

  • Tronpetari eta atabalariak San Prudentziotako erretreta jotzen Gasteizko Probintzia plazan, 2018an

    2018ko San Prudentzio jaietako erretreta. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Gaur San Prudentzio bezpera dugu, egun handia Gasteizen. COVID-19agatik konfinatuta gaudenez, danborrada, erretreta eta jai egitarauko beste ekitaldirik ez da izango Arabako hiriburuan, ez behintzat ohiko moduan. Alabaina, nor bere etxetik jaia ospatzeko prest dira gasteiztarrak, eta horren lekuko izango da, beste behin, Euskal Irrati Telebista. 20:45ean hasita, "Sanprudentzioak gogoratuz" saio berezia eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en, Gasteizko zuzeneko irudiekin eta aurreko urteetako momentu onenekin. Radio Vitoriak ere zuzeneko irratsaioa egingo du astelehen gauean, hiritarren danbor doinuak eskaintzeko. 

Imanol Artolak gidatuko du Euskal Telebistako saio berezia, Marta Elvira erreportaria lagun duela. Danborrada orokorra dago deituta astelehen iluntzerako Gasteizko balkoietan, eta horren zuzeneko kontakizuna egingo dute, hiriko kale ezberdinetan jarritako kameren bitartez. Gainera, herritarrek, etxe atarira jaitsita, San Prudentzio bezpera nola bizi duten azalduko digute. 

Gaueko hamarrak bitartean, ordu laurdenero, 2019ko erretretak eskainiko dira (ETB1en, eitb.eus-en eta Radio Vitorian aldi berean), eta, horren aurretik, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren mezua izango da entzungai. Emanaldia aurreko urteetako erretretetan parte hartutako taldeen ikuskizunekin osatuko dute: Mulixka eta Algara dantza taldeak, Eltziegoko gaiteroak eta lagunak eta Gasteiz Big Band taldea. 

"Eztabaidan" saioaren ostean, 23:00etan, berriro ekingo diote zuzeneko saio bereziari Imanolek eta Martak. Iazko danborradaren pieza esanguratsuenak eskaintzearekin batera, aurreko urteetako pregoilarien eta beste arlo batzuetako herritar ezagunen agurrak bilduko dituzte: Sabin Salaberri, Josean Querejeta, Maider Unda, Estibaliz Ruiz de Azua eta Gorka Ortiz de Urbina Zeledon, besteak beste. Horrekin batera, Eltziegoko gaiteroen eta hiriko Algara, Jaiki, Jare eta Mulixka dantza taldeen emanaldiak tartekatuko dituzte berriro. 

Denboran atzera eginez, 1979. urtean erretreta eta danborrada nolakoak ziren erakutsiko digute. Juanjo Martinez Viñaspre Anemias sukaldariak legatza perretxikoekin prestatuko du eta Jon Oscoz magoak erakustaldia egingo du. Halaber, herritarrek bidalitako bideoak eskainiko dituzte, itxialdia nola bizi duten azaltzeko. 

Gauerditik aurrera, azken urteetan Gasteizko erretretan parte hartu duten taldeen ikuskizun bildumaz gozatu ahal izango dugu. 

Radio Vitoriako irratsaio berezia

Gaur gauean, 21:00etatik 22:00etara, saio berezia gidatuko dute Gema Espinosak eta Aratz Goikoetxeak. Bertan, Radio Vitoriako entzuleek erretretaz eta danborradaz gozatu ahal izango dute, Probintzia plazan baleude bezala. Erretreta doinuak aldi berean eskainiko dira ETB1en, Radio Vitorian eta eitb.eus-en, eta batetik bestera danborradako piezak tartekatuko dituzte irratian. 

Aurtengo San Prudentzio bezpera oso berezia eta guztiz ezberdina izango da. Baina Radio Vitoriak deialdia egin die entzuleei irratia balkoira atera eta danborra jo dezaten (danborrik ezean, platerak, ontziak eta burruntzaliak), hain maitea duten jaia behar den bezala ospatu beharra dago eta. Ekitaldia prestatu ahal izateko, entzuleen eskariz, danbor piezak jarri dituzte Radio Vitoriako web orrian. Gainera, hainbat musikarik astelehen gauean balkoira aterako direla esan dute, euren instrumentuekin erretreta eta danbor doinuei laguntzeko. 

Egun horretako argazki eta bideoak WhatsApp bidez 688605002 zenbakira bidaltzen dituzten herritarren artean, hamar San Prudentzio tarta zozkatuko dira. Saridunek egoerak ahalbidetzen duenean jasoko dituzte.

Asteartean, apirilak 28, Foru Aldunditik zortzikoa eskainiko du Radio Vitoriak. Bide batez, Probintzia plazan, koronabirusaren ondorioz hildakoen omenez Arabako bandera masta erdira jartzen den unearen kontakizuna egingo du.