Itxi

telebista

Gaur

"Historias a Bocados" saioak Kuartangoko Luna kontzejua ezagutzera garamatza

EiTB

Joseba Arguiñano Arabara hurbilduko da igande honetan, Eugenio Ruiz, Julen Martínez de Santos eta Maite Zulueta ezagutzera.

  • Joseba Arguiñano Maite Zulueta Lunako bizilagunarekin, hamaiketako hartzeko prest

    Joseba Arguiñano Maite Zulueta Lunako bizilagunarekin. Argazkia: EiTB

Gaur arratsaldean, Joseba Arguiñanok "Historias a Bocados" saioan, Arabako Kuartango udalerriko Luna herria ezagutuko du. Lau herrik osatzen dute Kuartango: Luna, Arriano, Gillarte eta Artxua. Guztira, udalerri osoan, 35 biztanle daude erroldatuta; bertako despopulazio-mailaren argazkia ematen du pertsona kopuruak.

Eugenio Ruiz da Lunako Administrazio Batzarreko egungo lehendakaria. Lan kontuengatik Gasteizen bizitzen jarraitzen badu ere, bere herria Artxua izango da beti, duela 61 urte jaio zen lekua. Joseba San Sebastian elizaraino eramango du Eugeniok; Erdi Aroko tenplu hau, kontzeju osoaren ahaleginari esker, Kultur Zentro bihurtu da.

Abeltzaintza da gaur egun Arabak egiten duen antzinako jardunbideetako bat, eta Julen Martínez de Santosen bizibide da. Gillarteko 29 urteko gaztea da Julen, eta bertako abereak (ardiak, ahuntzak, behiak eta behorrak) hazten ditu, anaiarekin batera, haragia saltzeko. Lehenik eta behin, behiak dauden zelaietara joango dira, behietako bati zintzarri bat jartzeko, Julenek behiak kontrolpean edukitzeko duen modua baita.

Maite Zulueta Lunakoa da eta Joseba Gillarten, Gibijo mendilerroaren inguruan, dagoen Trinitate Santuaren ermitaraino eramango du. Baseliza hau Kuartangoko auzotarren topalekua da, ez kontzejuko biztanleena bakarrik, baita inguruko udalerrietako biztanleena ere, urtero ekainean erromeria bat egiteko elkartzen direnean, eta erromeria hori jaiegun bihurtzen da.

"Historias a Bocados", 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en izaten da ikusgai.