Itxi

telebista

22:30an

"Imajinaezinetik hizketan" koronabirusaren inguruko saio berezia, gaur, ETB1en

EiTB

Zer orain eta zer gero? Galdera horien inguruan hausnartuko du Fermin Etxegoienek luxuzko 20 gonbidatu baino gehiagorekin.

0:30
Fermin Etxegoien

"Imajinaezinetik hizketan" Fermin Etxegoienek zuzendu eta aurkezten duen saio berezia izango da ikusgai gaur, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean

Hogei elkarrizketa baino gehiago egin ditu konfinamenduan izan garen egun hauetan Ferminek etxetik. Skype bidez hitz egin du Euskal Herriko hainbat sektoretan diharduten protagonistekin. Programaren asmoa, guztion buruan ditugun galderen eta kezken inguruan solastatzea: Noraino aldatuko du krisi honek eta krisiaren kudeaketak gure egunerokoa? Noiz arte jarraituko du gure sistema ekonomikoak orain arte bezala? Nola irtengo gara krisi honetatik? Barrutik aldatuko gaitu bizitzen ari garen honek guztiak?

Horretarako, luxuzko gonbidatuak izango ditu mintzalagun: Bernardo Atxaga, Pello Reparaz, Karmele Jaio eta Ur Apalategi idazle, pentsalari eta musikariak, besteak beste, baina baita Donostia Ospitaleko Felix Zubia medikua, Joseba Illarramendi Zestoako San Juan zahar-etxeko zuzendaria eta Ander Olariaga Orbea kooperatiba enpresako marketin burua ere. Bittor Arginzoniz Atxondoko Etxebarri erretegi ospetsuaren jabea, Ana Galarraga zientzia-dibulgatzailea eta Eduardo Barinaga ETBko zuzendaria ere elkarrizketatuko ditu. Punta-puntako solaskide horiek guztiek eta gehiagok lagunduko diote Fermini ideia eta emozioen bidaia honetan. 

Mundu mailako osasun krisi honek hilabete eta erdiz gure etxeetan gordeta eta geldirik egotera behartu gaituen honetan, ez dago zalantzarik hausnarketarako denbora izan dugula. "Imajinaezinetik hizketan" saioak collage antzeko batean aurkeztuko ditu jasotako burutazio eta bizipenak. 

Gaur, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.