telebista
Saio berria
"Berben Lapikoa", Ilaski Serranoren elkarrizketak sortzaile eta kultur eragileei
EiTB
Denetariko sortzaileak, kultur arloko lagunak, euskara ekintzaileak, kirolariak, zientzia dibulgatzaileak eta abar izango ditu Ilaskik solaskide.
-
Ilaski Serranok gidatuko du "Berben Lapikoa" saio berria. Argazkia: EiTB
Ilaski Serranok zuzendu eta aurkeztuko du "Berben Lapikoa" elkarrizketa saioa, arratsaldero, Euskal Telebistaren lehen kanalean.
Hitzek edo berbek izango dute protagonismoa Ilaski Serranoren saio berrian. Lehen pertsonan kontatuta eta aurrez aurre egindako solasaldian, hamaika kontu izango dituzte mintzagai. Lau elkarrizketa eskainiko dira atal bakoitzean. Idazle, musikari eta kultur arloko lagunak, euskara ekintzaileak, kirolariak, zientzia dibulgatzaileak, sortzaileak... gure gizarteko pertsona ezagunak elkarrizketatuko ditu, baina baita kaleko herritarrak ere, denek baitute gauza bat komunean: zerbait dute kontatzeko kultura eta gizarteari euskaraz irekiko dioten leihoan. Elkarrizketa hauetan ere, jakina, COVID-19az arituko dira behin baino gehiagotan, bizitzen ari garen une hauetan solaskide guztien jardunean eta bizitzan duen eragina kontuan hartuta.
Solasaldi lasaian, gertutasunak ematen duen konfiantzan eta lagunarteak sortzen duen askatasunean egingo ditu elkarrizketak Ilaski Serranok, Tabakaleran prestatu duten gunean. Besteak beste, Iker Galartza aktorea, Erika Elizari idazlea, Kike Amonarriz Topaguneko lehendakaria, Maria Rivero musikaria, Jon Martin bertsolaria eta Agurne Gaubeka Behatokiko arduraduna izango dira lehen solaskideak. Testigantzetan, giza pisua izango da protagonista, kontaketaren sakonean dagoen giza arima.
Egunero, 16:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en, berbak lapikoan sartu eta su txikian prestatuko dituzte, asko baitago euskaraz kontatzeko, entzuteko eta partekatzeko.