Itxi

telebista

23. atalaren laburpena

Durana, Erro, Lander, Mikel, Jon Quel eta Isma, "El Conquistador 16"ko finalistak

EiTB

Nekane, Idoia eta Kali finalaren ateetan geratu dira. Ekainaren 29an ezagutuko dugu nor izango den "El Conquistador del Caribe" saioaren irabazlea.

  • Durana, Erro, Lander, Mikel, Jon Quel eta Isma, finalistak

    Durana, Erro, Lander, Mikel, Jon Quel eta Isma, finalistak. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Durana, Erro, Lander, Mikel, Jon Quel eta Isma "El Conquistador del Caribe" saioaren 16. edizioko finalean daude jada. Nekanek, Idoiak eta Kalik, bitartean, unerik txarrenean esan behar izan diote agur abenturari, inork nahi ez zuenean; izan ere, finalaren atarian geratzea lehiakideek jaso dezaketen kolperik gogorrenetakoa da.

Bi kapitainen agurrarekin hasi da eguna: Manuk eta Seletak bateratze jokoaren aurretik esan dute agur, eta euren taldekide izandakoek bakarkako lanari egin behar izan diote aurre finalerako txartela lortu ahal izateko.

Kokoen probak lehen finalistaren izena eman digu. Erro izan da garaile, kaikuak banatzeko orduan izandako gaizki-ulertu bati esker eta Ismak okerreko hankarekin hasi duelako eguna.

Hernaniarra bitan erratu da bere kokoen ura botatzeko orduan, eta "laguntza" hori erabakigarria izan da lesakarrarentzat. Duelura joan diren lehen bi lehiakideen izenak ere utzi dizkigu kokoen jokoak: Idoia eta Nekane. Bukaerara arte saiatu badira ere, sarera igotzeko gai ere ez dira izan. Bakar-bakarrik aritu da Nekane, inoren laguntzarik gabe. Sasitzen artean ibiltzen laguntzeko ere ez diote itxaron.

Erro finalean egonda, denek zuten argi zer zegoen jokoan, eta Kali izendatu dute. Hortaz, unerik kritikoenean jokatu behar izan du bere lehen duelua.

Erro bere sariaz gozatzetik itzuli ondoren, denak zituen zain. Laugarren bat izendatu edo hiruren arteko kontua izango zen dena? Hori zen zalantzarik handiena.

Poz-pozik iritsi da Erro "Alcatraz"era, senideak eta lagunak ikusi ondoren. Senideen eskutitzek oxigenoa eman dioten arren, une gozo hori apur bat mingostu du laugarren izendatuaren izena zeraman kutxak.

Mafia gorriaren itunak nahikoa murriztu ditu aukerak, eta lesakarra ez zegoen iraultza egiteko moduan; nahiago izan du gorrien ituna errespetatu eta finalerako aurkari "indartsuenetako" bat aukeratu: Isma.

Horrela, Erro, Durana, Lander, Mikel eta Jon Quel pozik ikusi ditugu finalean sartu direlako; oso bestelakoak izan dira dueluan indarrak neurtu behar zituztenen aurpegiak. Txarrena espero zuten laurek, eta hondartza izan dute zain banbuko basoaren beste aldean. 

Hainbat saiakera egin eta gero, Luisito izan dute gogoan denek, eta Mirandakoaren meritua onartu dute. Aukeratu batzuek bakarrik zeharka dezakete baso hori. Proban aritu diren lau lehiakideetako bat ere ez da banderinetara heldu; hau da, behin ere ez dute egin eskatutako lana.

Finalerako txartela airean zegoela, baso hori zeharkatzearena baino kontu zailagoa zuten aurretik: laurek adostu behar izan dute txartel hori nori eman. Azkenean, eztabaida handiegirik gabe, Ismak finalean egotea merezi duela adostu dute beste hirurek. "Conquistador del Caribe"ren 16. edizioan, finalean ikurrina eskuratzeko lehian arituko den seigarren lehiakidea da, beraz, hernaniarra.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe"ren final handia, astelehenean "Eguraldia"ren ondoren, 22:30 aldera, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieran atarian ikus daitezke.