telebista
ZINEMA
'Soinujolearen semea' film dramatikoa, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Bernardo Atxagaren izen bereko eleberriaren egokitzapena da, Fernando Bernuesek zuzendutakoa. Besteak beste, Eneko Sagardoy, Aitor Beltran, Mireia Gabilondo eta Miren Arrieta aktoreak ari dira bertan.
Euskal Telebistak Soinujolearen semea pelikula emango du gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en. Bernardo Atxaga idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako film dramatikoa da, Fernando Bernuesek zuzendutakoa.
Antzerkirako moldaketak arrakasta lortu eta gero, Fernando Bernuesek eleberriaren zinemarako bertsioa zuzendu du, bere aginduetara aktore hauek dituela: Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernués eta Eneko Sagardoy. Patxo Telleriak egokitu du gidoia eta Fernando Velazquez getxoztarra (Lo imposible, Un monstruo viene a verme…) arduratu da musikaz.
Protagonisten hiru garai ezberdinetan oinarritzen da pelikula (haurtzaroa, 20 urteko gaztetasuna eta 50 urte inguruko garaia), Euskal Herriko historia aztertzeko. Istorioan, David hilzorian dago, eta Joseba, txikitako laguna, azken agurra ematera joan da Kaliforniara. ETAko kideak izan ziren biak, Francoren diktaduraren azken urteetan, eta Davidek herritik alde egin behar izan zuen, kideek arbuiaturik. Aspaldiko lagunek egiari aurre egin beharko diote orain, azken topaketa honetan.
Munta handiko profesionalak daude proiektuan murgilduta: Juanma Pagazaurtundua ekoizpen zuzendaria (800 balas, La comunidad, Lasa eta Zabala), Gonzalo F. Berridi argazki zuzendaria (8 apellidos Vascos, La Buena Nueva), Peio Villalba arte zuzendaria (Igelak, Bi anai), Saioa Lara jantzitegi lanetan (Operación Concha, Handia) eta Karmele Soler (Lasa eta Zabala, La piel que habito) eta Olga Cruz (Bajo la piel del lobo, Handia) makillaje eta ile-apainketaren arduradunak. Lanak Eusko Jaurlaritzaren eta ETBren partaidetza ere badu.
Gaur gauean, 22:30ean, Soinujolearen semea filma izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Ez galdu!