telebista
Albistegien denboraldi berria
Abian da ETBko albistegien denboraldi berria
EiTB
Abuztua % 26,9ko audientziarekin itxi ondoren, kurtso berriari ekingo diote ETBko albistegiek. Informazioan erreferente izatea eta lidergoari sendo eustea izango dira berriro ere helburuak.
-
ETBko albiste zerbitzuetako aurkezleak. Argazkia: EiTB
Abuztua % 26,9ko audientzia bikainarekin itxi ondoren, Euskal Telebistako albistegiek denboraldi berria estreinatu dute astelehen honetan, irailaren 7an. Urte zaila da aurtengoa, pandemiarena, eta euskal ikus-entzuleek ETB aukeratu dute, batez ere, inguru hurbilean eta mundu zabalean jazotzen den guztiaren berri izateko.
ETBko albistegiek, aurten, batez beste, % 24,1eko audientzia dute, iaz baino 5 puntu gehiago. Kanalka, "Teleberri"k % 21,9ko batez bestekoa eskuratu du, eta "Gaur egun"ek, bestalde, % 2,2ko audientzia zatia du eta euskaldunen artean % 7ko kuota.
ETBren helburuak kurtso honetan orain arteko berberak dira: informazioan eta aktualitatean erreferente izatea eta zortzi urtez jarraian lortutako lidergoari sendo eustea. Informaziorik onena eskaintzea, hurbila zein globala, eta euskal ikus-entzuleen konfiantzari hutsik ez egiteko lan egitea dira hastapen nagusiak.
Aurkezle taldeari dagokionez, "Egun on Euskadi" 09:00etako albistegi goiztiarra Iban Garatek aurkeztuko du; eguerdian, Xabier Usabiagak ekarriko ditu albisteak 14:00etako "Gaur egun"en, eta Africa Baetak eguerdiko "Teleberri"n. Gauean, astelehenetik ostiralera, euskaraz, Yerai Diaz Ikaran izango dugu 20:00etan gaueko "Gaur egun"en, eta Juan Carlos Etxeberria 21:00etan "Teleberri"n. Azkenik, asteburuan, eguerdiko "Teleberri" Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko du eta gauekoa Xabier Garcia Ramsdenek. Jonan Apaolaza izango dugu, orobat, asteburuko "Gaur egun" albistegiaren aurpegia eta aurkezlea.
Kirolen atalean, berriz, "Gaur egun Kirolak" Jon Balentziagak eta Ana Ramosek aurkeztuko dute eta "Teleberri Kirolak" Jose Ituartek eta Sara Gandarak.
Berebat, albisteen ostean datorren "Eguraldia" saioa Andoni Aizpuruk eta Ana Urrutiak aurkeztuko dute astean zehar eta Igor Siguerok asteburuan. Eguraldiaren informazioaren ardura Zuriñe Zulaikak du.
Informazioa eta aktualitatea eitb.eus-en
Ahalegin honek guztiak eitb.eus webgune multimedian du bere isla. Entretenimenduan eta informazioan erreferente izatea da helburua, eta orain arteko audientziei eustea. Aurten EiTBren webguneak lortutako batez bestekoa 5,4 milioi erabiltzaile bakarrekoa da orain arte (iaz 4,5 miloi erabiltzaile bakarrekin itxi zuen urtea).