Itxi

telebista

22:30ean

"Nola egin zen Alardea" saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Telesailean parte hartu duten protagonista nagusiekin hitz egingo du saioak; Itziar Ituño, Klara Badiola, Kandido Uranga eta Iñigo Aranburu antzezleekin, besteak beste.

0:30
Grabazioaren une bat

Gaur gauean, "Alardea" telesail berriaren inguruko saio berezi bat eskainiko du ETB1ek, eta fikziozko lana nola egin duten ikusteko aukera izango da bertan. Horretarako, telesailean parte hartu duten protagonista nagusiekin hitz egingo du programak; hala nola, Itziar Ituño protagonista nagusiarekin, David P. Sañudo zuzendariarekin eta Klara Badiola, Kandido Uranga, Iñigo Aranburu antzezleekin, besteak beste.

Telesailak erakusten dituen egoera gatazkatsuak bizi izan dituzten gonbidatuak ere izango dituzte saioan, ezagun batzuk, tartean; Xabier Lapitz eta Arantxa Urretabizkaia, esaterako. Horrez gain, alardeen inguruko gatazkari buruz telebistan orain arte hitz egin ez duten irundar zein hondarribiar anonimoak ere izango dira.

"Nola egin zen Alardea" saioan, gizarte-gaietan adituak diren batzuk ere izango dituzte gonbidatu, fikziozko eszenotan agertzen diren egiazko arazoen giltzarriak azaltzeko horien laguntzarekin.

Eszena eta elkarrizketa zatiekin batera, Alardearen testuinguruan urteotan bizi izandakoa ere erakutsiko digu saioak EiTBko artxiboko irudi eta audioen bitartez.

"Alardea" telesaila orainaldian dago girotuta, Uriola izeneko fikziozko herrian, eta bertako alardean soldadu gisa parte hartu nahi duten emakume batzuen istorioa kontatzen du. Urriaren 7an estreinatuko da telesaila ETB1en eta eitb.eus-en.

Honen inguruan gehiago jakiteko, "Nola egin zen Alardea" saio berezia izango da ikusgai gaur gauean, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.