Itxi

telebista

22:30ean

Islandia: "Vascos por el Mundo" saioaren 100. bidaia, gaur gauean

EITB

Roberto Vazquez kazetariak Islandia ezagutuko du Orats, Rebeca, Jaizkibel eta Ederren eskutik. 100 programak ospatzeko, "VXM" saioak kamisetak eta katiluak zozkatzen ditu sare sozialetan.

  • "Vascos por el Mundo" saioaren logoa

    "Vascos por el Mundo" saioaren logoa

Gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioak 100. bidaia egingo du; guztira, munduko toki berriak ezagutzen milioi bat kilometro inguru egin ditu jada. 100 saio horiek ospatzeko, "VxM"ko lantaldeak kamiseta eta katilu bat zozkatzen ditu. Zozketa Twitter, Instagram eta Facebook kontuetan egingo da. Azaroaren 26an amaituko da zozketa.

"Vascos por el Mundo" saioak bidaia asko egin ditu munduko txoko ederrenak ezagutzen, eta oraingoan, 100. saioa dela eta, toki berezi bat bisitatuko du: Islandia, izotzaren eta suaren lurraldea.

Roberto Vazquez kazetariak eta Jorge Torres kamerariak Islandia zeharkatuko dute Orats, Rebeca, Jaizkibel eta Eder euskaldunen eskutik. Elkarrekin abentura ahaztezin batean murgilduko dira, eta sumendiak, glaziarrak, labar izugarriak, glaziar aintzirak, laba zelaiak, hondar beltzezko hondartzak, basaltozko zutabez osatutako kobazuloak eta altxor gehiago ikusiko dituzte.

Alde batetik, Reykjavik, Islandiako hiriburua, eta bikingoen tradizioek ondutako herrialde bateko heroiak ezagutuko dituzte. Ondoren, Islandiako Kursaalean, hiriko eraikinik altueneko behatokira igoko dira, eta bertan famatua den jaki bat dastatzeko aukera izango dute: bakailao lehorra.

Bestalde, Urrezko Zirkuluan barrena ere ibiliko dira, inguruko ur-jauziak, geiserrak eta ur termalak ezagutzeko. Reykjarnes penintsulan, aldiz, kostaldeko itsaslabarrak, Gunnhuverreko fumarola erraldoiak eta edozein unetan erupzioa izan lezakeen sumendi bat ezagutuko dituzte.

Jokulsarlon, Skaftafell, Fjalljokull eta Reynisfjara bisitatuz, Islandia basatienean ere murgilduko dira. Iceberg, glaziar, olatu erraldoi, amildegi zorabiagarri eta izotzezko kobazulo ugari dituzten lekuetan ibiltzeko aukera izango dute. Horiek guztiek lurralde oso berezia bihurtzen dute Islandia.

Ostegunero legez, "Vascos por el Mundo" saioko taldeak lurralde berriak bisitatzen jarraituko du Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen eskutik. 22:30etik aurrera izaten da ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en. Bidaiaren bat galduz gero, EITB Nahieran atarian dago noiznahi eta nonahi ikusteko aukera.