Itxi

telebista

22:30ean

Zuzeneko aurkezpen galarekin hasiko da, gaur gauean, "El Conquistador del Caribe"

EITBMEDIA

Patxi Alonsoren eskutik hamazazpigarren edizioaren xehetasun guztiak ezagutuko ditugu: kokapena, parte-hartzaileak, kapitainak, kanpamentuak, konkistologoak eta askoz gehiago.

1:20
Txema Montoya, Josean Goñi eta Patxi Alonso. Irudia: EITB

Gaur gauean hasiko da "El Conquistador del Caribe" abentura programaren denboraldi berria. Hamazazpigarren edizio honetan saioa berrasmatu egin da, eta ezustekoz eta abenturaz beteriko hitzordua eskainiko du astelehen gauero. Hasteko, astelehen honetako aurkezpen galan, denboraldi berriari buruzko xehetasun guztien berri emango du Patxi Alonsok. Hortaz, zaleek lehiaketa non egingo den jakingo dute; 36 parte-hartzaileen nortasuna; taldeen egitura; kapitainen izenak; kanpamenduen ezaugarriak; parte-hartzaileen bidaiak eta abar. Hau dena gutxi balitz, Julian Iantzirekin lehen hartu-emana izan ondoren, lehiaketa nola hasiko den ikusiko dugu. Mikel Perez Artolak, saioko azken irabazleak, programan izango duen rola ere argituko dute.

Asteleheneko zuzeneko galan, Patxi Alonso gidariak Julian Iantzi aurkezlearekin bat egingo du nazioarteko abentura reality berriaren sekretu guztiak ezagutzeko. Gainera, Gaztea talde berriaren kideak ere ezagutaraziko dituzte. Conquiseko komunitateak sareetan sortu eta partekatzen dituzten eduki, iruzkin, meme eta tiktoken berri emango dute Gazteako lagunek.

Bestalde, parte-hartzaile ohiak, haien senitartekoak eta lehiakideen lagunak hartuko dituzte gonbidatu platoan. Gainera, luxuzko konkistologoen iritziak eta hausnarketak entzungo ditugu; asteleheneko gala berezian topatuko ditugu, besteak beste, Juanito Oiarzabal, Isa Landa, Eider Alonso, Durana, David Seco, Eneko, Mikel eta Leire Juanes, saioko erreportari berria.

Asteazkenetan, hilaren 20tik aurrera, "El Conquis" eztabaida saioa ere itzuliko da, kanporatuaren elkarrizketarekin eta emititu gabeko irudi mordoarekin.

Iaz, goi-goian amaitu zuen saioak. Finala ikus-entzuleen % 28k ikusi zuen. Azken sei urte hauetako denboraldirik ikusiena izan zen telebistan, eta bere ordu-tartean lider astelehenero. Batez beste, % 22,7ko audientzia-zatia eta 316.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zituen.

El Conquistador fenomenoa, ostera, telebistatik harago doan fenomenoa da. eitb.eus-eko webgunean eta sareetan, esaterako, markak hautsi ditu. Interneteko datuei dagokienez, orokorrean, (webgunean eta Nahieran, dena batera) 1.205.079 erabiltzaile sartu ziren iaz. 

Conquis-en lagunak ere gero eta gehiago dira sareei dagokienez: El Conquistadoreko Facebook-eko orrialdeak 40.000 jarraitzailetik gora ditu. Twitter eta Instagramen, halaber, hurrenez hurren, 32.000tik gora dituzte.

"El Conquistador del Caribe, la cuenta atrás" saio berezia, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.