Itxi

telebista

22:30ean

Iani platoan eta Manuren inguruko zalantzak, gaur gauean, "El Conquis" saioan

EITB Media

Aste honetan, Iani izango dute platoko debatean. Umore ona eta barre algarak ohikoak dituen arren, haserre dago bere kapitainarekin eta dueluko kidearekin.

  • Iani, "El Conquistador del Caribe" saioko lehiakidea

    Iani, "El Conquistador del Caribe" saioko lehiakidea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Manuren inguruko zalantzak eta Ianiren umore ona eta hain berezkoak dituen barre algarak protagonista izango dira gaur, "El Conquis" saioko debatean. Hala, aurtengo "El Conquistador del Caribe" saioko bigarren immunitate jokoak utzitako albo-kalteak izango dituzte hizpide eztabaidan.

Talde urdina alaitasunetik infernura igaro zen, deskalifikatua izan ondoren. Seletak bere taldearentzat oso kaltegarriak izan ziren bi arau-hauste egin zituen, eta Corocote taldekoek kanpamentu oso txiroan bukatu zuten. Horrez gain, Ianik etxerako bidea hartu behar izan zuen, Seletak berak izendatu eta Patxiren aurka dueluan galdu ostean. Asteazken honetan Iani hartuko dute platoan, eta, umore ona ohikoa duen arren, kapitainarekin eta Caren dueluko kidearekin oso haserre dagoela erakutsiko du. Haserre horren arrazoia kontatuko du, baina bere pasadizo eta barre algarak albo batera utzi gabe.

Talde gorria, bereziki Manu kapitaina, ez zen ongi atera oreka jokotik. Hainbatetan erori zen, eta oso minduta bukatu zuen, medikua eskatzeraino. Asteazkenean, horren inguruko material berri ugari ikusiko dugu, eta Yocahu taldeak kapitainaren egoeraz duen iritzia ere bai. Iñaki Maritxalar (Manuren anaia) saioan izango da, gorrien kapitainaren kontra daudenei erantzuteko.

Zer esan nesken taldearen inguruan? Ezin izan dute abentura hobeto hasi: bi garaipen jarraian, kanpamentu aberatsean eta 12 kideak taldean oraindik. Hala ere, Durana kapitainaren eta taldeko beste kide baten arteko lehen tirabirak ikusiko ditugu asteazken honetan.

Horrez gain, Los Haitisesera joko dute programan, taldeen azken orduko berriak ezagutzeko eta hurrengo immunitate jokoaren aurrerapen bat ikusteko.

Hori guztia aztertzeko, ez dira faltako conquistologoak. Mikel, Juanito, Eneko, David, Arruti, Eider, Isa eta Leire Juanes erreportariak izango dira aste honetako programan. Gainera, jarraitzaileek ere beren iritzia eman ahalko dute Twitter eta Instagram bidez, eta horren berri emango digute Gaztea Connection set berezitik Isma Pereirak eta Oizeder Mayok.

Bigarren kanporatua platoan, bi kapitain ezbaian eta orain arte ikusi gabeko hainbat irudi gaur, "El Conquis" debatean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.