Itxi

telebista

20:00ETAN

Bernagoitian izango da gaur "Historias a Bocados" saioa

EITB Media

Joseba Arguiñanok Amorebieta-Etxanoko auzo honetako bizilagunen istorioak ezagutuko ditu.

  • Joseba Arguiñano Bernagoitian.

    Joseba Arguiñano Bernagoitian. Argazkia: EITB Mediako bideo batetik lortutako irudia.

Joseba Arguiñano Amorebieta-Etxanoko Bernagoitia auzora joango da gaur, "Historias a Bocados" saioarekin, bertako bizilagunen istorioak ezagutzera.

Hasteko, 46 urteko Oskar Areitiorekin izango da. Oskarrek toki zoragarri honetan barrena gidatuko du Joseba, eta, besteak beste, Oiz, Belatxikieta eta Mugarra mendiek osatzen duten ibarraren ikuspegi bikainaz gozatuko dute. Oskarrek, gainera, bere aitaren hainbat bizipen kontatuko dizkio Josebari. Horrez gain, Oskarren zaldi eta behorrei ogia eman ondoren, elkarrekin bazkalduko dute: haragi mota ezberdinak dastatuko dituzte, baita mamia eta kremarekin egindako hoditxoak ere.

Marcos Alonso valentziarrak zortzi urte daramatza Bernagoitian. Maitasunak mugituta, sorterria utzi eta mendi arteko auzo honetara etorri zen bikotekidearekin bizitzera, eta Bernagoitian izan ditu bi seme-alabak. Bazkaltzeko, "a banda" arroza prestatuko dio Josebari; horretarako, amari deituko dio, haren errezeta pausoz pauso egin eta Levanteko arrantzaleen ohiko jaki honen sekretuen berri jasotzeko.

Arkaitz Gutierrezek 43 urte ditu eta Bilbon jaio zen. Duela bi urte, Begoña auzoko etxeko balkoian tomateak landatzeari utzi eta Bernagoitian baserri bat alokatzea erabaki zuen. Baserriko lanei buruz asko ikasi du azkenaldi honetan, eta baserritarren bizimoduaren inguruko hainbat datu emango dizkio Josebari. Baratzeko barazkiekin egindako pizza prestatuko dute elkarrekin, eta Lilo Martinez madrildarra gonbidatuko dute bazkaltzera. Lilok 24 urte ditu eta Arkaitzekin batera bizi da baserrian.

"Historias a Bocados" gaur izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.