Itxi

telebista

M8

Emakume kirol eskaintza zabala, aste honetan

EITB Media

Emakume Master Cupeko lehen kanporaketa eta Reto Iberdrola Ligako Bartzelona B- Alaves partidarekin batera, saskibaloiko Erreginaren Koparen jarraipen berezia eta erreportaje bereziak izango ditugu.

  • Emakume Master Cupeko lehen kanporaketa eskainiko da aste honetan.

    Emakume Master Cupeko lehen kanporaketa eskainiko da aste honetan. Bideo batetik hartutako irudia.

Emakume kirol eskaintza zabala prestatu du EITBk datozen egunetarako. Zuzeneko emankizunei dagokionez, futbola eta pilota izango ditugu ikusgai. Halaber, saskibaloiko Erreginaren Koparen jarraipen bereziarekin batera, bestelako kiroletan aritzen diren emakumeak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. 

ETBko kirol albistegietan, goiz eta arratsalde, emakumeen presentzia handiagoa izango da. Egunero, kirol desberdinak oinarri hartu eta protagonistekin sakonean egongo dira. Horrekin batera, aste honetan Valentzian Saskibaloiko Erreginaren Kopa jokatuko da eta bertan bi euskal talde lehiatuko dira: Lointek Gernikak eta IDK Gipuzkoa. Bertara joandako bidali bereziak lehiaketan gertatzen den guztiaren kontakizuna egingo du "Gaur Egun" eta "Teleberri"ko kirol ataletan. 

Emanaldiei dagokienez, larunbatean, 15:30tik aurrera, Emakume Master Cupeko lehen kanporaketa eskainiko da zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en, Asteasutik. Euskadi Irratia ere bertan izango da. Eta igande eguerdian, 12:00etan hasita, Reto Iberdrola Ligako Bartzelona B eta Alavesen arteko partida izango da ikusgai. 

Bestalde, Ana Ramosek gidatzen duen "Helmuga" saioan emakumeak izango dira protagonista igande honetan. Batetik, Thembi Kgatlana Eibar taldeko jokalari hegoafrikarra ezagutuko dute gertutik. Bestetik, Agurtzane Elorriaga iurretarrarekin izango dira. Garai batean txirrindulari profesionala izana, gaur egun Bizkaia-Durango emakumezkoen txirrindulari taldeko kirol zuzendaria da. 

Azkenik, ostegun honetan, "Area Txikia Koparen Bila" saio berezia egingo da Athleticen finalerdiak oinarri hartuta. Platoan Ainhoa Tirapu izango da Gorka Iraizozekin batera norgehiagokaren nondik norakoak aztertzen.