Itxi

telebista

22:30ean

Maltan lur hartuko du "Vascos por el Mundo" saioak gaur gauean

EITB Media

Anfitrioiak Ainara, Sergio, Leticia eta Boris izango dira, artxipelagoaren edertasunaz, kulturaz eta gastronomiaz liluratutako gazteak.

  • "Vascos por el Mundo" saioko gonbidatua, Maltan

    "Vascos por el Mundo" Maltan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioak Malta uharteko bazterrik adierazgarrienak bisitatuko ditu, Carolina Calvo erreportariaren eta Ainara, Sergio, Leticia eta Boris anfitrioien eskutik.

Ainara Arrasateko abenturazalea da. Hasteko, Valetta hiriburuko txoko ezagunenetatik ibiliko da. Hiriko kalerik esanguratsuenak erakutsi, eta San Joan kokatedrala eta Upper Barrakka Gardens deigarria bisitatuko dute bertan.

Horrez gain, Sergiorekin batera, Malta urpekarientzako paradisua dela egiaztatuko dute. Itsasoko ura beroa da, ikuspen ia perfektua eskaintzen du, eta itsas hondoan flora, fauna eta aztarna historikoak daude. Nafarrak Maltako hiriburu zaharra ere erakutsiko du, Mdina, "isiltasunaren hiria", eta pastizzi tipikoak probatuko ditu, ilarrez edo gazta rikotaz betetako enpanadilla modukoak.

Ondoren, Marsaxlokk bisitatuko dute Letiziarekin, hego-ekialdeko kostaldeko herri txiki eta bitxia. Handik datoz luzzuak, arrantzarako erabiltzen diren gondola koloretsuak. Birzebugga aldera egingo dute gero, Gar Dalam kobazuloa ikustera. Lehen glaziazioko miniaturazko elefanteen arrastoak aurkitu zituzten bertan. Bukatzeko, bertako parke tematiko ospetsuenera joango dira, Playmobil – Fun Parkera.

Azkenik, Borisek Gozo uharte ederrera eramango ditu. Lehenbizi Victoria/Rabat hiriburua bisitatuko dute. Bertako gotorlekua da, zalantzarik gabe, harribitxirik bisitatuena. Fortifikazio hau berregokitu egin zuten, eta egun 360 graduko bista panoramikoa eskaintzen du. Borisekin bertako gastronomia ezagutuko dute, eta Maltako aperitibo tipikoak dastatu.

"Vascos por el Mundo" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.