Itxi

telebista

''El Conquis''en 10. atala

Painoren kanporaketak arrisku bizian jarri du talde urdina

Gorriek irabazi dute behingoz immunitate jokoa. Zerurantz dauden kuboen dueluan, berriz, Maialen Painori gailendu zaio, dorre egonkorra osatu eta banderatxoa hartu duelako.

  • Paino, Maialenek dueluan kanporatu ostean

    Paino, Maialenek dueluan kanporatu ostean. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Atzera kontaketa balitz bezala, urdinak maldan behera doaz burrunban, eta beste taldekide bat galdu dute "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren hamargarren atalean. Paino burumakur zebilen azken egunotan, eta aldarte horrekin joan da zerurantz dauden kuboen duelura. Hasieratik okertu zaio lehia futbolari ohiari. Maialen bizi aritu da ordea. Dorre egonkor eta zuzena egin du eta garaipena eman dion banderatxoa lortu du.

Karta-joko partidaren immunitate jokoarekin hasi da azken atala. Urdinak eta berdeak ongi aritu dira hasieran, baina gorriek aurre hartu diete eta gaztelu sendoa eraiki dute. Hala, Oskar aise igo da eta banderatxoa eskuratu du. Eta honek noski, zuzenean bidali ditu hainbestetan desiratu duten kanpamendu aberatsera.  Baina Corocote taldeko kideak ez dira poztu, gorriei ez baitiete barkatu tronkoala jokoan beraien arteko paktua apurtu izana. Orain, urdinen gaitz guztien erantzule dira antza.

Andreak bestalde, bere esku izan du garaipena, baina igotzerako garaian, aldez erratu, eta gora zihoala, gaztelua bertan behera jausi da. Talde berdearen onespena behar du hondarribiarrak, eta errua bere gain hartu beharrean, Mikeli egotzi dio ardura.  Igotzen hasteko baimena berandu eman izana leporatu dio.

Immunitate jokoa galtzea sekulako zartakoa izan da Corocote taldearentzat. Taldekideen arrangurek tarteka apurtzen zuten kanpamendu oso txiroko isiltasuna.  Eta izendatzeko garaian, ez dute duelua irabaztearen aldeko apustua egin. Paino bidali dute zuzenean, burumakur zebilelako.  Abenturatik kanpo gelditu da eta ikusi beharko da orain Seletaren taldeak nola hartzen duen bere kanporaketa. Nola egingo diote aurre hurrengo immunitate jokoari? Izan ere, horixe bera da bizirik irauteko duten aukera bakarra. Irabazi behar dute, bai ala bai.

Gorriak ostera, berpiztu egin dira azken jokoa irabazita. Jana (oilasko errea eta garagardoak), sua, atsedena eta taldekiderik ez izendatzeak dakarren lasaitasuna, hori guztia ekarri die kanpamendu aberatsak. Irribarrean ahoan, gogotsu ekingo diote hurrengo proban.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, EITB Nahieranen app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.