Itxi

telebista

22:30ean

Gizarte bazterkerian bizi diren pertsonak, gaur gauean, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Gure inguruan sarritan "ikusezinak" egin ohi zaizkigun pertsona horien egoeran murgilduko da saioa, Eider Hurtadok zuzenduta. Nerea Reparazen eskutik, gainera, pobrezia datuak aztertuko dituzte.

  • Nerea Reparaz eta Eider Hurtado kazetariak

    Nerea Reparaz eta Eider Hurtado kazetariak. Argazkia: EITB Media

Gizarte bazterkerian bizi eta "ikusezinak" egin ohi zaizkizun pertsona horiei ahotsa eman nahi die "Aquí y Ahora" erreportaje saioak gaur gauean. Hala, Eider Hurtadok zuzentzen duen programak agerian jarri nahi ditu egoera horretan bizi diren pertsonak, eta nola lortzen duten egunerokoan bizirautea. Horri lotuta, Nerea Reparaz kazetariak pobrezia datuak aztertuko ditu, azken hamarkadan % 20 igo den pobrezia horri gertutik begiratuta.

Protagonista bila, "Aquí y Ahora" saioak zubi azpietan bizi diren pertsonak aurkitu ditu, tartean Marokotik iritsitako gazteak eta Joseba izeneko santurtziarra, San Mames inguruko zubipean bizi den gizona.

Egoera hau bereziki gogorra da emakumeentzat, Nekane emakume barakaldarrak azalduko duenez. Kalean lo egiten ikusi zuen bere burua, beldurpean eta matxismoaren arriskuekin. "Jantoki batera baldin bazoaz eta norbaitekin hitz egiten baldin baduzu, egiatzat jotzen dute zerbait gehiago nahi duzula", azaldu du.

Kalean bizi direnak ez dira emakume ikusezin bakarrak. Prostituzioa ere izango dute mintzagai, eta Bilbon horretan aritzen den emakume baten testigantza ere jasoko dute: "Lana % 90 jaitsi da, eta are arrisku handiagoa dugu. Hau erruleta moduko bat da: ez dakizu beste pertsona kutsatuta dagoen ala ez", azaldu du.

Pobreziaren aurrean, laguntza publikoak eta zerbitzu sozialak ditugu "euste-horma" gisa, beren burua horrelako egoera gogorretan inoiz imajinatuko ez luketen pertsonentzako programa bereziekin. Cristinaren kasua da horietako bat, lotsa dela-eta bere egoera ezkutatzen duen emakumea. "Jende askok ez du ulertzen telefonoz deitzeko ere dirurik ez izatea", azaldu du.

Baina egoera hauetatik atera daitekeela ere erakutsiko du gaurko programak, eta Omar gaztearen adibidea ekarriko du. Kalean bizi zen, baina orain beste gazte batzuentzat "erreferente" izateko funtzioa hartu du bere gain.

"Aquí y Ahora: Invisibles", Eider Hurtado eta Nerea Reparaz kazetarien eskutik, gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.