telebista
22:00etan
'Handia' pelikula eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean
EITB Media
Altzoko Handiaren istorioa du oinarri Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako euskarazko filmak. 10 Goya sari irabazi zituen Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga protagonista dituen lanak.
Gaur gauean, eitb.eus-ek eta ETB1ek Handia film arrakastatsua eskainiko dute.
Euskaraz inoiz egindako pelikularik loriatuena izan da Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako lana, kritikaren eta publikoaren harrera bikaina izan du eta hainbat sari lortu ditu: Goya sarietan, 13 izendapen jaso eta 10 irabazi zituen, eta Donostia Zinemaldian, epaimahaiaren saria eta euskal zinemaren saria jaso zituen. Eneko Sagardoy (gizonezko aktore berri onenaren Goya saria jaso zuen), Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse dira aktore protagonistak.
Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin (Joseba Usabiaga) Gipuzkoako bere familiaren baserrira itzuliko da, eta harrituta geratuko da Joakin anaia (Eneko Sagardoy) ohi baino askoz handiago dagoela ikusita. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote Europan zehar. Bidean, handinahiak, diruak eta ospeak betiko aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa da.
Handia filma 22:00etan izango da ikusgai. Ez galdu!