Itxi

telebista

22:30ean

"Aquí y Ahora" saioak hornikuntza ezaren krisia aztertuko du asteazken honetan

EITB Media

Industriaren eta zerbitzuen sektoreek pairatzen duten hornidura-gabezia orokorraren eraginaz arituko dira Eider Hurtadoren programan.

  • "Aquí y Ahora" saioak hornidura-krisia izango du hizpide .

    "Aquí y Ahora" saioak hornidura-krisia izango du hizpide .

Eider Hurtadok aurkezten duen "Aquí y Ahora" saioak hornidura-krisia izango du hizpide asteazken honetan, abenduak 22. Egoera honek alarma guztiak piztu ditu: erosketa-saskia garestitu egin da eta industriak produzitzeko zailtasunak ditu. Zer dago guzti honen atzean? Ia sektore guztietan jasaten ari diren ondorioak aztertuko dituzte saioan; ikusleari krisi logistiko honek zenbaterainoko eragina izango duen kontatuko diote, tartean lehengaien eskasia eta argiaren eta gasaren prezioaren igoera, adibidez. 

Programak itsas portuen egoera gertutik ikertuko du, munduko merkataritzaren % 90aren sarbidea baita. Bilboko Portuan diharduten hainbat profesionalen argibideak eta azalpenak bilduko dituzte. 

Gainera, edukiontzirik ez dagoenez, lehengaien eskasia handia dago. Arazo hau Euskal Herriko lantegietan islatzen ari da. 9.600 langile ERTEan daude produkzioak ezin duelako aurrera egin egoera honetan. Automobilgintza eta eraikuntza sektoreen benetako egoera aztertuko dute "Aquí y Ahora" saioan. 

Eta hau guzti hau, Gabonen atarian. Supermerkatu, taberna, inprenta eta jostailudenda ezberdinetako langileen hausnarketak jasoko dituzte; horniduren krisiak nola eragin dien kontatuko dute. 

Eider Hurtadok aurkeztuta, Desabastecimiento global: verdades y mentiras erreportaje berezia asteazken honetan izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.